Aberri Eguna ospatzeko dei bateratua egin dute, Tolosako EAJk eta EH Bilduk

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko api. 11a, 14:55

Euskal nazioaren eztabaida "aurrebaldintza eta mugarik gabeko eztabaidan" erabaki behar dela nabarmendu dute; martxoaren 19ko galdeketan baiezko botoa eman izanaren bidetik, elkarrekin lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute.

Datorren apirilaren 16ak hartuko du, 2017ko Aberri Eguna, eta Tolosako udalbatzaren gehiengoak –EAJk eta EH Bilduk– elkarrekin egin diete, herritarrei, beren nazioaren "berreste baketsu eta kolektiboa ospatzeko" deia.

Bi alderdi abertzaleek izenpetutako adierazpenak 1931ra egin du atzera, urte hartan hasi baitziren Euskal Herriaren eguna ospatzen: "Euskaldun guztiak batzea dugu helburu, geure nortasunaren adierazpen askea eginez". Bide horretan, Euskal Herriaren "eskubide politikoak" aldarrikatu nahi izan dituzte hilaren 16ari begira, eta Euskal Herriak nazio moduan dituen erronkez ohartarazi: "Euskal Herriak bidean dituen zailtasunak ez dira nolanahikoak, eta horiek gainditu eta ezabatzea da gure helburua, euskal herritar guztion arteko eztabaida demokratikoari bide emanez, gure arteko harremanak sendotuz eta herri honen etorkizun politiko, kultural, ekonomiko nahiz linguistikoa bermatuz, inongo indarkeria edo inposatze jarrerarik gabe", diote.

Eztabaida hori gauzatu ahal izateko, ordea, Tolosako EAJk eta EH Bilduk ezinbestekotzat dute, Nazioarteko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaletatik eratorritako eskubideen jabe izatea: "Horregatik, ozenki azaldu nahi dugu, euskal herritar guztien borondate librearen gainean bakarrik eraiki daitekeela Euskal Herria nazioa, inolako aurrebaldintza eta mugarik gabeko eztabaida demokratikoaz".

Horren harira, beraz, bi alderdiek hartu dute konpromisoa, "eszenatoki baketsu eta demokratiko baten alde" lan egiteko, "herri honetako proiektu politiko guztiek lekua izango dutela" bermatuz. Izan ere, 2017ko Aberri Eguna inflexio puntu edo leihotzat jo dute Tolosako EAJk eta EH Bilduk: "Aurtengo Aberri Egunak leihoa zabalduko dio nazio eraikuntza libre eta demokratikoari, gatazka politikoaren eta haren ondorio larrienen konponbidea mahai gainean jarriz: hau da, Euskal Herriaren burujabetza eta lurraldetasun eskubideak onartuz".

Aldarri eta konpromiso horiek guztiek bultzatuta, beraz, Tolosako udalbatzako bi alderdi nagusiek dei egin nahi izan diete herritarrei, Aberri Eguna "alaiki" ospatzeko, Euskal Herrian barrena antolaturiko hainbat ekitalditan. Halaber, kalean nahiz erakin publiko eta partikularretan euskal ikurrak jartzera ere gonbidatu nahi izan dute gizartea. Amaitzeko, joan den martxoaren 19ko herri galdeketa hizpide izan dute, azaltzeko, euskal estatu burujabe baten alde elkarrekin lanean jarraituko dutela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!