"Musikak alde emozionala errazago ukitzen du hitzak baino"

Iñigo Terradillos 2017ko api. 7a, 08:00

Ez Dok Hiru antzerki bikoteak ohiko bideari eutsi dio lan berrian ere, hau da, umorea eta ironia baliatu du emanaldi berria osatzeko. Oraingoan, euskal musika omendu nahi izan dute, eta horretarako gure kantutegiarekin egin dute jolas, 200 abestietako letrak eta doinuak erabiliz.

200 kanta inguru erabili dituzue.

Abestietako esaldiren bat, edo melodia zati labur bat erabili dugu.Eszena asko osatzen ditugu esaldien kanten ahapaldi laburren bitartez, bata bestearen gainean, baturik.

Esaterako, igogailu batean ematen den elkarrizketa bat dago.

Itsasoa laino dago, eurixe da, asteartea euria goitik behera, izotzondoko eguzki neguaren pare, haizea dator iparraldetik... Hasten bazara begiratzen dozenaka kanta agertzen dira eguraldiari buruz hitz egiten dutenak, edo eguraldia aipatzen dutenak. Igogailuan ezezagun batekin hizketarako aitzakia ematen du eguraldiak, eta horixe irudikatu dugu eszena batean.

Askotan egiten dugu gure egunerokoan, solasean ari garela, hitz bat edo esaldi bat abestiren batekin identifikatzen dugula eta jolas egiten dugula horrekin.

Guk proposatzen dugun jokoa ez da gure asmakizuna. Buru guztietan dago, eta askotan egiten da. Ideia bat edo kanta zati bat deslokalizatzean datza. Bere ohiko lekutik atera, ezusteko toki batean sartu eta umore efektua sortzen da. Eta guk egin duguna da joko hori ardatz hartuta era landuan erabili emanaldia osatzeko.

Gure kantutegiari omenaldia egin nahi izan diozu ironia eta umorea sartuta.

Gure altxor musikala aintzat hartzea nahi izan dugu, eta normalean Ez Dok Hiruren ikuskizunetan bezala, umorea baliatzen dugu horretarako. Honetan, hasteko ez gaude gu biok bakarrik. Hiru musikari aktore daude gurekin batera. Izan ere, musika da ikuskizunaren osagai garrantzitsua. Musikak beti alde emozionala errazago ukitzen du hitzak baino.

Hain justu omen egitetik, ikonoklasta moduan definitu duzue zuen lana.

Hala da. Umorez, egoerak beste modu batera ikusiz, ohikoa ez den ikuspuntua eta begirada jarriz. Eta horrek dakar beti ironiaz jokatzea, gauza garrantzitsuei garrantzia kentzea, solemnitatea baztertzea.

Bi musikologoren paperean jartzen zarete ikuskizunean.

Aitzakia bat topatzen dugu gure gaiari heltzeko, eta kasu honetan horrela izan da. Gu Ez Dok Hiru unibertsitateko musikologoak gara. Eszenatokian 17-18 ikasgai grabatzen ditugu, internet bidez emango dugun seminario baterako.

Euskal musikaren benetako historia nolakoa da?

Gu neolitikotik hasten gara kontatzen. Hori bai falta zaizkigun datuak-eta gure irudimen eroarekin bete ditugu. Musika mota guztiak agertzen dira, rock and roll gogorrenetik baladarik leunenera, eta gaur egunera arte. Horregatik, musikariak hautatzean eklektikoak, edo balio anitzekoak behar genituen.

Beraz, gure musika ondarearen berri izateko modua izan daiteke orduan?

Musikologo moduan agertu arren ez dugu ezer arautzeko asmorik. Umorea egiten dugu, absurdotasun eta erotasunetik jorratzen dugu gure lana. Lingua Navajorum-en euskararen historia kontatzen genuen, eta espero dut inork aintzat ez hartzea guk esandako ezer [kar, kar]. Jendeak badaki zein klabetan ari garen, eta oso ondo ulertzen du.

Ez Dok Hamairu mugimendua ikustarazten da, zentsura politikoa edota sexuaren eta musikaren arteko harremana.

Bai, izan ere garai desberdinek zituzten ezaugarriak taularatu ditugu. Hori bai, beti ere, umoretik. Gure helburu nagusia jendea dibertitzea da. Ez Dok Hiruren estilo honi dibertimenduak deitzen diogu, eta zentzu horretan asmo deklarazio bat da.

Une batzuetan kontzertu itxura ere hartzen du ikuskizunak.

Badaude musika pixka bat gehiago garatu nahi genuen uneak. Batzuetan rock kontzertua eta besteetan tresna tradizionalekin eginiko musikarena. Erakustaldiak dira. Hiru musikari benetan trebeak ditugu gurekin taula gainean, eta horien musika ez baliatzea ez litzateke oso zentzuzkoa.

Musika jorratzeko garai desberdinak ukitu dituzue. Zer nabarmenduko zenuke horietan ikusi dituzuen desberdintasunetik?

Erabiltzen dugun musika gehiena ezagutzen dugu. Esaterako, Erdi Aroko musika ateratzen dugu gai moduan, edo neolitikoa, eta guk asmatu dugu zer kantatuko zen garai hartan. Imajinatu egiten dugu Erdi Aroan nolakoak izan zitezkeen sexuari buruz edo sorginkeria edo inkisizioari buruz abestu zitezkeen kantak.

Kontzertu itxura hartzen duen une horietan kantuan egiteko tartea ere ba al da?

Beti pentsatu izan dugu zenbateraino behar genuen jendearen parte hartzea. Azken batean antzerki ikuskizuna da, baina, bilatu dugu baita ere, modua jendeak uneren batean edo batzuetan kantatzeko aukera izatea. Une hori, batez ere, antzezlanaren bukaera aldera pentsatu dugu. Hor jendeari gonbita luzatzen diogu gurekin batera abestera. Asko gustatzen zaigu oso modu naturalean jendeak gurekin batera kantatzen duenean, oso atsegina da.

Orokorrean kantatzea gustatzen al zaigu, erraz egiten dugu pixka bat tirata edo behartu egin behar zaigu?

Kantazaleak gara, beti ere giroa eta tokia kontuan hartuta. Lotsak albo batera uzteko unea oso garrantzitsua da. Antzoki batean jendeak kantatzea nahi baduzu samurki eta tentuz egin behar duzu; ezin duzu besterik gabe kantatzeko esan era hotzean. Horrela ez dituzu animatuko edo ez zaizu hain natural aterako. Erraztu egin behar duzu egoera jendeak gogoa izan dezan.

Zuk idatzitakoa da testua. Nola izan zen prozesua? Lehendabizi abestien aukeraketa, edo horiek txertatzen joan dira?

Oso lan geldoa izan da, gogorra. Azken finean, eszena solteen bidez osatzen dugu emanaldia, autonomia duten eszenak dira. Azken lan honetan hemezortzi eszena edo skech daude, beraz, hemezortzi ideia solte edo istorio dira. Lehenbiziko pausoa istorioaren gaia pentsatzea izan da, eta ondoren etorri da gaiarekin ondo doazen abestien aukeraketa egitea. Pentsa, beraz, gure kantutegia zenbat arakatu dudan. Bada pentsatzeko joera komedia izanik ez dagoela atzean hainbesteko lana, eta gainera, antzezten ari garenean inprobisatzen ari garenaren irudia ere ematen dugu, bat-batean eta prestatu gabe esango bagenitu bezala eszenatoki gainekoak. Baina, lan handia dago atzean, eta testu honetan bereziki.

Martxoan estreinatu zen lana. Nolako harrera izan du?

Honezkero 8-10 emanaldi egin ditugu, eta izugarri ondo joan dira. Oso esker oneko ikuskizuna da, jendeak oso gustura ikusten duela ikusi dugu. Izan daiteke harrituta uzten zaituzten zatiak dituelako, izan ere, normalean guk eskaintzen dugunetik urruntzen da. Era berean, normalean antzokietan eskaintzen ez den zerbait eskaintzen dugu lan honekin.

Lana taularatzen ari zarete, baina liburuaz gozatzeko aukera ere izango da.

Bai. Aurreko antzezlan batekin, Pankreas-ekin probatu genuen esperientzia hori. Elkar argitaletxearengana jo genuen ideiarekin. Testua dago, eta horrekin batera musika ere bai, abestien loturak azaltzen baitira, jendeak irakurri ahala berehala entzuteko abestiak. Lan berezia eta berria dela iritzita argitaratzea erabaki zuten, eta emanaldietan jartzen dugu jendearen eskura. Liburua saltzeko eta jendearekin solasaldi bat izateko baliatzen dugu ikuskizuna amaitu osteko une hori. Emanaldiaren inguruan iritziak partekatzeko aitzakia ere bada.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!