Aste Santu aurreko larunbatean ohiko hitzordu bilakatu da, jada, Tolosako Udaberri dantza taldearen dantzari txiki eta erromeria eguna. Eta, ez da gutxiagorako, aurtengoa hamabigarren dantzari txiki eguna izango baita Tolosan. Horrela, dantza nahi den doinu eta neurrian egiteko deia zabaldu du dantza taldeak, bere 60. urteurrenarekin bat eginez.
Urteroko moduan, aurten ere, Euskal Herriko dantza harrobien ordezkaritza zabala hartuko du Udaberrik eta, guztira, 270 neska-mutil elkartuko dira, Hendaiako (Lapurdi) Akelarre, Amurrioko (Araba) Aiara, Algortako (Bizkaia) Itxartu, Oñatiko (Gipuzkoa) Oñatz eta Tolosako Udaberri dantza taldeen eskutik.
Eguneko lehen hitzordua Plaza Zaharrean egingo dute eta, hamaiketakoa egin eta gero, 11:00etan ekingo diote dantzari txikien kalejirari: Alde Zaharra girotuko dute batzuek, eta erdigunean ibiliko dira, beste hainbat. Guztiek ere Plaza Berrian bat egingo dute, eguerdian, eta Tolosako elkarte gastronomikoetan egingo dute bazkari legea.
Bide horretan, Udaberrik esker hitzak plazaratu nahi izan ditu, batetik, beren prestutasuna azaldu duten elkarteentzat: Gure Kaiola, Aiz Orratz, Aurrera, Urdina Txiki, San Esteban, Txinparta, Ero Etxe, Ortzadar, Kabi Alai, Casino, La Jara, Izaskun eta Lizardi. Halaber, guraso boluntarioen lana ere goraipatu dute.
Goizak eta eguerdiak emandakoa gutxi ez, eta arratsaldeko emanaldiak biribilduko du gaztetxoen dantza jarduna. Plaza Berrian izango da, 16:30etan, eta talde bakoitzaren herri edo eskualdeko dantzak ezagutzeko aukera izango dute bertaratuek
Gaua dantzariena da
Larunbateko argazki eta erretratuetako protagonista bilakatuko dira dantzari txikiak, baina irudiak izozteko argia eskasegi bilakatzen denean, orduan irtengo dira dantzarako grina duten helduak, erromeriara. .
Dantza taldearen 50. urteurrena girotzeko hasitako egitasmoa, urtez urte jendetsuago bilakatu da, eta 200 pertsonako afari eta dantzaldia osatzen dute, gaur egun.
Betiko formulari eutsiz, 19:30ean dantza-poteoa girotuko du Udaberriko fanfarreak, Plaza Zaharrean hasita. Afaltzera, berriz, 21:00etan eseriko dira. Tripa betetzea aitzakia izaten da, ordea, erromeria egunean, Zesuma taldearen dantzaldia eta tarteko Larrain dantza izaten baitira, momenturik kuttunenak. Horrela, txartelak eskuragarri dira jada, Tolosako Ikatza, Orbela eta Xirimiri tabernetan, 15 euroan.
Herritarrak nahi duten doinu eta neurrian dantza egitera deituz, beraz, festaz gozatzea besterik ez zaie falta udaberritarrei.