Plataforma digital bat jarriko dute abian nerabeen kezkak zuzenean erantzuteko

Imanol Garcia Landa 2017ko api. 5a, 13:09
Prebentzio Mahaiaren ordezkariak izan dira plataforma digitalaren berri emateko prentsa agerraldian.

Tolosako Prebentzio Mahaiak jarriko du martxan egitasmoa. Lehiaketa egingo da plataformaren leloa eta irudia zehazteko.

Aurtengo ikasturtean Prebentzio Mahaitik martxan jartzen den laugarren lan ildoa da plataforma digitalarena. Bere helburua gazteen intereseko gaien inguruan zalantzak argitzea da. "Egun badugu, esaterako, sexualitate aholkularitza bat, baina plataforma honekin nahi da gai anitzagoak landu eta era erosoago batean, hau da, zuzenago eta erraztasun gehiagorekin, besteak beste, anonimotasunean egin ahal delako", esan du Olatz Peon alkateak.

Plataforman lau gai landuko dira, eta bakoitzak bere arduraduna izango du. Sexualitatearen gaian Berdinsex-eko sexu aholkularia izango da arduraduna; adikzioen gaia Lurdes Senovillak eramango du, udaleko prebentzio teknikariak. Bote prontoan izenekoaz, gai orokorragoak izango dituena, Nerea Cereceda udaleko gazteria teknikaria arduratuko da. Eta laugarren gaian, Gorputza ezagutu eta maitatu izenekoa, Osasun saileko kideak izango dira arduradunak, tartean Rosa Domingo anbulatorioko erizain burua.

Domingok azaldu duenez, "gure helburua betidanik izan da osasun zentrora etorri ohi ez den adin tarte batekoekin, nolabaiteko harremana izatea. Horrela, Prebentzio Mahaian jakiteko zeintzuk diren beraien beharrak, eta jakiteko nola lortu harreman gehiago beraiekin. Plataforma bide zuzen bat da horretarako". Osakidetzatik eta Osasun sailetik erantzunak profesional ezberdinek ematea da asmoa. "Hortik aurrera gu ere joango gara ikusten nola jokatu eta nola eman hurrengo pausoa. Azkenean denok berriak gara honetan, eta joango gara denok ikasten poliki-poliki", gaineratu du Domingok.

Plataforma osatuta dago eta martxan jartzeko leloa eta irudia besterik ez ditu falta. Horretarako lehiaketa antolatu dute eta bertan Tolosako 12 eta 18 urte bitarteko gazteek partu hartu dezakete. Proposamenak gazteria@tolosa.eus helbide elektronikora bidali behar dira apirilaren 26a bitartean. Irabazleak 300 euroko saria izango du. 

Behin martxan jarri ondoren, plataforma digitalean sartzeko Tolosako Udaleko web orritik, zein herriko ikastetxeen webguneetan egongo diren banner-etatik egin ahalko da.

Beste hiru gaiak

Prebentzio Mahaian beste hiru gai nagusi jorratu dira. Horietako lehena dolua izan da. Eskualdeko psikiatria zerbitzuak bi saioetako prestakuntza eskaini zien nerabeekin zuzenean lanean ari diren profesionalei. Horretaz gain, Pikor teatro antzerki konpainiak eskainitako Jauzi hirukoitza antzezlana eskaini zitzaien DBHko Tolosako ikasle guztiei.

Beste gaia Tolosan egin zen AECC martxan eguna izan zen. "Partaidetza zabala izan zen, eta balantzea oso positiboa egin da", esan du Peonek. "Aurten Villabonan egingo da egun hori".

Hirugarren gaia botiltzarrarena da, eta horri aurre egiteko esku-hartzea landu zen herriko jaietan. Azkeneko kasua inauterietako Astelenitan izan zen.

Tolosako Prebentzio Mahaiak bigarren urtea du. 2015-2016 urtean Tolosako Udalak eta gainontzeko erakundeek martxan jarri zuten. "Aurretik bazen mahai bat koordinazioa gauzatzen zuena, udaleko teknikarien bitartez, baina pauso bat eman zen aurreko ikasturtean eta prebentzio mahai bat osatu zen non eragile guztiek parte hartzen duten", esan du Peonek. "Ez zen dagoeneko koordinazio bat bakarrik, baizik eta elkarlan bat, eta horrek ere eman ditu bere emaitzak".

Mahaian parte hartzen dute DBHko hiru ikastetxeetako ordezkariek (Orixe, Herrikide eta Laskorain), Osasun Saileko eta Osakidetzako teknikariek, Tolosako Udaleko Gazteria, Berdintasuna eta Prebentzio teknikariek, Topaguneko hezitzaileek eta kale hezitzaileek, Berdinsex-eko sexu aholkulariak eta AECC elkarteko psikologoak. "Modu honetara lan egiteak emaitza positiboak ematen ditu", zehaztu du Peonek. "Azken finean, zeharkakotasunez lan egiteko eredu bat bada mahaia. Administrazio ezberdinek parte hartzen dute mahai berdin batean, eta bere helburua da nerabeen zailtasunak eta arriskuak identifikatu eta ahal den neurrian aurre hartzea".

Tolosako biztanlegoaren %30a gaztea da, eta nerabezaroan daudenak, 12 eta 17 urte artean daudenak, %16 dira. Hain justu, Nerabeentzako Esku-hartze Komunitarioko lan taldeak bi ildo oso garrantzitsu ditu, Peonek azaldu duenez: "Batetik, prebentzioa, arazoei aurre hartzeko lan garrantzitsuena maila horretan kokatzen delako. Eta bestetik, lan komunitarioa, diotenez azken urteetan galtzen joan dena".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!