Korrika 20 -2017-

Urteurrenak eta omenaldia

Ataria 2017ko apirilaren 4a

Korrikaren uholdea pasa da Tolosatik eta bertan aurten esanahi berezia duten zenbait lekuko izan dira: Laskorain Ikastola 50. urteurrena ospatzen ari da aurten, Udaberri dantza taldea 60. urteurrena, eta Iñaki Iturrioz Raku tabernako jabe zendu berriari omenaldia egin dio Korrikak. Tolosaldeko Ataria-k ere bere kilometroa Tolosan izan du.

Laskorain Ikastolako lehenengo ikasleak ordezkatuz, lau lekuko eramaile elkartu dira suhiltzaileen parkearen aurrean: Miren Lopez-Mendizabal, Karlos Linazasoro, Jexux Arruabarrena eta Izaskun Jauregi. "Berezia" izan da beraientzat lekukoa eramatea. Hainbatetan parte hartu izan dute Korrikan, baina gaurkoak beste esanahi bat izan du.

Udaberri dantza taldeko sei belaunaldien ordezkariak elkartu dira, dantza ikastaroetako haur batekin batera, Nafarroa etorbidearen bukaeran lekukoa eramateko. Lekuko eramaileez gain, Udaberri taldeko hainbat kide eta bere seme-alabak ere izan dira parte hartzen.

Rondilla kalean Tolosako Korrika Batzordeak omenaldia egin dio Iñaki Iturriozi. Orain gutxi zendu zen Raku tabernako jabea, eta Mikel bere semeak eraman du lekukoa, Raku tabernaren parean hartu duelarik. Lore sorta bat eman diote Korrika Batzordetik, eta gogoan izan dute Iñaki Iturriozek eskaintzen zuen laguntza AEKri eta Korrikari.

Tolosaldeko Atariak Belate auzoan izan du bere lekukoa. Unai Barriola harpidedunak eraman du lekukoa, zozketan sariduna izan eta gero. Hainbatetan parte hartu du Korrikan, baina lekukoa eramaten lehenengo aldia izan da, eta "oso gustura" aritu da zeregin horretan. Berarekin batera, Tolosaldeko Ataria-ko lan taldeko hainbat kide elkartu dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!