Txikonen apustua, idi apustua eta Leaburu

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2017ko martxoaren 31

Alex Txikonek eta Mikel Larrañagak desafioa jokatuko dute uztailaren 1ean. Asteazkenean itxi zuten apustua. Txikonek, 100 kiloko zilindroari 20 jasoaldi, 10 kanaerdiko ebaki, eta 7,5 km egin beharko ditu korrika. Larrañagak, lan berdina, baina bi kanaerdiko gehiagorekin. Alde bakoitzak 6.000 euro jarriko ditu. Apustua Azpeitiko zezen plazan jokatuko da.

Bestalde, aurreko asteburuan Azkoitian idi apustua jokatu zen. Alde batetik, Muruetako Kamiñoko Jatetxea eta bestetik, Mungiako Gotzon Plaza. Lehenak hiru apustu jokatutako idiekin joan ziren, ikusmin handia sortuz. 54 plaza, 3 metro eta 58 zentimetro egin zituzten. Ondoren Gotzon Plazaren idi parea hasi zen lanean, eta benetan ikustekoa izan zen, azken momentura arte dena airean egon baitzen. Azkenean, 15 zentimetrogatik, Gotzon Plazak irabazi zuen apustua; 3.000 euro.

Bukatzeko, igande eguerdian Leaburun aizkolariak izango dira. Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketaren kanporaketa jokatuko da. Aipatu aizkolari bakarra pasako dela aurrera, hau da, probaren irabazlea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!