Loreek esateko dutena

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko api. 3a, 08:03

Asko da loreek adierazi dezaketena. XVII. mendean ezkutuko mezuak bidaltzeko ere erabiltzen zituzten, Loreen Hizkuntza zen. Hain zuzen hizkuntza berezi horren inguruan idatzi zuen Charlotte De Latourrek 1819an Le Langage des Fleurs lana eta horixe da Aranburu jauregian apirilaren 22a arte ikusgai dagoen Aurrez Aurre erakusketaren muina.

Tolosako Udalak GKo Gallery-rekin elkarlanean antolatutako erakusketa da eta Martxoaren 8aren harira antolatu dute Guk bizitza kolorez eta formaz azaltzen dugu lelopean. Horixe baita erakusketarekin erakutsi nahi izan dutena edo hobe esanda «horri buelta» eman nahi izan diote. Izan ere, loreak «erreminta bat» direla esan du GKo Galleryko Gari Muruak, «emakumeek euren gogoetak egin ahal izateko erremintak dira loreak. Ez ditugu aukeratu duten alde erromantikoarengatik, loreei lotzen zaion hauskortasun horri buelta emateko baizik. Hauskortasuna emakumeekin lotu izan da eta nire ustez horri buelta eman behar zaio, baina zer eratan? nola? Galdera hori jarri nahi izan dugu mahai gainean eta emakume hauek esateko dutena entzun nahi dugu».

Galleryko arduradunek 25 emakume sortzaile aukeratu zituzten, nahiz eta azkenean 24k hartu duten parte erakusketan, eta De Latourrek idatzitako lanean oinarrituta bi lan egiteko eskatu zieten. «Oso kontentu gaude emaitzarekin. Gonbidapena jaso duten emakumeek erakusketa honetarako bereziki prestatutako bi lan egin dituzte eta bakoitzak idatziz, nahi izan duena erantsi die lanei. Batzuk aldarrikapen mezuak egin dituzte, beste batzuk ipuin motz bat, oroitzapenetara jo dute beste batzuek...», esan du Muruak. «Udalak gonbidatuta hasi ginen gaia lantzen eta data berezi hori ikusita aldarrikapen bat egitearekin batera, adierazpena libre utzi nahi genuen», gaineratu du Muruak.

Izan ere, hori zen erakusketaren abiapuntua; Martxoaren 8aren bueltan lan ildo bakar bat zehaztu, baina emaitza libre utzi. Emakume bakoitzak bere interpretazioa egin du. Ondorioz, Aranburu jauregian ikusi daitekeen erakusketan era guztietako lanak ikusi ahal dira. Erakusketan parte hartu duten 24 emakumeen adinak eta bizipenak ere askotarikoak direla esan du Muruak. Isabel Mujika 73 urteko margolari tolosar baten lanak daude, baina baita 12 urteko Marta Puenterenak ere. «Marta oso gaztea da, teknika falta zaio agian, baina bere istorioa oso indartsua da, oso politikoa da, emakume bezala ikuspuntu batzuk nola ikusten dituen adierazten du. Eta Isabel oso erromantikoa da eta oroitzapen batzuk sartu ditu. Bien artean, tarte horretan, dauden adin desberdinetako 22 emakumeren istorioak daude. Gure nahia askatasuna uztea izan da, ez genuen planteamendu itxi bat egin nahi, emakumeei utzi diegu aukeratzen erakusketan nola azaldu nahi zuten».

Emakume begirada

Emakume bezala «egoera sozial honen aurrean» zer kontatu nahi duten aukeratzeko aukera eman nahi izan diete GKo Galleryako kideek eta Berdintasun saileko arduradunek, eta horregatik daude askotariko artisten lanak: «Espektro zabala hartu nahi genuen eta beraien historia kontatzea nahi genuen». «Bakoitzak bere planteamendua egin du. Feminismoaren barruan dagoen pluralismoa azaldu nahi izan dugu», gaineratu du Muruak.

Askotariko lanak dira, baina lan guztiek «oreka» bat mantentzen dutela dio Muruak. «Lan batzuk teknikoki oso indartsuak dira, oso ondo eginda daude, zainduak... beste batzuk ez dira teknikoki horren onak, baina istorioak du indarra kasu horietan, oreka mantentzen dela iruditzen zait», esan du.

Erakusketan parte hartu duten emakumeen zerrenda osatzeko bi izan ziren kontuan hartutako irizpideak: ikuspuntu estetikoa eta egilearen ibilbidea. «Lan desberdinak bildu nahi genituen, bakoitzak bere irakurketa egitea nahi genuen. Gure asmoa ez zen ideia bat edo irakurketa bat eman eta horren inguruan hitz egitea, gure asmoa pluraltasunari lekua ematea zen», gaineratu du.

GKo Galleryko kideak gonbidapen bat ere luzatu du: «Norbera joan dadila erakusketara, ikusi ditzala aurkezten diren lanak eta interpretatu dezatela ikusten duten hori. Ondoren irakurri dezatela istorioa ikusteko zer adierazi nahi zuen artista bakoitzak».

Lan guztiak loreenhizkuntza.com wegunean bildu dituzte eta bertan daude ere artista bakoitzari Le Langage des Fleurs lanaren irakurketak iradoki dion testua. Webguneak jarraipena izatea nahi dute GKo Galleryko kideek, baina ez dakite oraindik hori posible izan den ala ez.

Era berean, erakusketa ikusteko bisita gidatuak antolatu dituzte, oraingoz ikastetxeei begirako ekimena da, baina Aste Santua bertan den honetan, bestelako taldeei ere zabaldu nahi diete aukera. Bisita gidatuetan parte hartu nahi dutenek Tolosaldeko Turismo Bulegoarekin edo Tolosako Udalako Berdintasun sailarekin jarri behar dute harremanetan.

 

ILUSTRATZAILEAK

Ainara Landaberea Sanz (Donostia, 1979). Berak ahotsa goratu zuen, eta inork ezin izan zuen isilarazi eta Itolarria arrosen artean.

Amanda Arrou-Tea (Donostia, 1990). Nire bizitzako lehen aroa eta Nire bizitzako bigarren aroa.

Ane Zaldibar (Donostia, 1981). Azalea-Epeltasuna I eta II.

Beatriz Alonso Alvarez (Sestao, 1972). Paradisuko ameslariak eta Mehatxatutako edertasuna.

Daniela Garreton (Santiago, Txile, 1983). Nymphaea I eta II.

Iraia Okina (Durango, 1980). Bizitza-Lorea I eta II.

Irati Eguren (Durango, 1981). Orkidea beltza eta Orkidea beltzak elkarrekin.

Isabel Mujica (Tolosa, 1945). Margaritak eta Galburuak.

Leire Markinez Calvo (Beasain, 1978) Askatasunaren itxaropena eta Itxaropenaren askatasuna.

Leire Salaberria (Andoain, 1983). Erromeroa-Oroitzapenak I eta II.

Maialen Arozena (Irun).

Maite Gurrutxaga (Amezketa, 1983). Peonia zuria eta Dalia horia-margarita urdina.

Maite Rosende Gutierrez (Donostia, 1991). Nire aita eta larrosak eta Lore sorta bat Purirentzat.

Maria Lopez-Minuskula (Donostia, 1980). Papaver somniferum eta Viscum album.

Marta Fuentes Rodriguez (Donostia, 2005). Ametsak, mitxoleta zuria eta Erabakitasuna, Geranio gorria.

Miren Gonzalez Goikoetxea (Tolosa, 1973). Osin oihala I eta II.

Nagore Amenabarro (Amezketa, 1986). Gerizpe zaporea eta Harri malgua.

Nekane Fernandez (Tolosa, 1973). Platycodon: baldintzarik gabeko amodioa eta Potentilla: amaren maitasuna.

Oihane Pardo Perez (Donostia, 1987). Ez lorerik oparitu eta Ezniahaztu.

Olaia Martinez (Donostia, 1990). Akelarre 2.0 Atropa Belladonna eta Akelarre 2.0 Hyoscyamus niger.

Pili Aguado (Tolosa, 1981). Calendula eta Mandragora.

Sandra Garayoa (Donostia, 1993). Ederra eta Imana.

Seila Fernandez Bote (Tolosa, 1989). Freesia eta Peonia.

Ainara Azpiazu 'Axpi' (Hernani, 1980).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!