Eskualdeko lehiakortasuna bultzatzeko konpromisoa hartu du Olanok

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mar. 30a, 15:24

Gipuzkoako diputatu nagusia Tolosan emango du eguna; eskualdeko enpresen eta merkataritzaren berri jasotzen ari da


Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano, eta Imanol Lasa, Ainhoa Aizpuru eta Maite Peña diputatuak Tolosan emango dute eguna. Goizean goiz hasi dute ibilaldia, udaletxean, Olatz Peon alkatearekin eta zenbait zinegotzirekin bilera eginda, eta ondoren, besteak beste, Topic, Boinas Elosegi enpresa, Uzturre gerontologikoa eta Oriaburu eraikina bisitatu dituzte. Euskal Herria plazan egingo duten hotelaren inguruko azalpenak ere jaso dituzte. «Herriak zein lehentasun eta apustu dituen jaso dugu alkatearen eta bere lantaldearen eskutik», esan du Olanok. «Gure helburu nagusia herria bertatik bertara ezagutzea eta herritarrekin egotearekin batera, enpresekin biltzea da, horrela zein behar dituzten ezagutu ahal baitugu», gaineratu du.

Tolosako eta Tolosaldeko enpresen lehiakortasuna bultzatzeko konpromisoa ere hartu du Markel Olano diputatuak. «Apustuak egin behar ditugu, horiek merkataritzarekin dute zerikusia, baina batez ere, enpresekin. Gipuzkoan oro har, bailarek indar ekonomiko handia dute, eta hori Gipuzkoarako arlo estrategikoa da. Tolosak eta Tolosaldeak duten egoera da pixkanaka papergintza sektoreak behera egin izanak enpresa txikien garapena ekarri duela. Beste bailara batzuetarako zerbitzuak ematen ditu eta motore bat falta zaiola nabari da. Lehiakortasuna bultzatzeko plan estrategiko bat du Tolosak, eta guk prozesu hori laguntzeko konpromisoa hartu dugu». «Goizegi da xehetasunak emateko, baina ziurtatu dezakegu bidelagun izango gaituzuela, eta Foru Aldundia gertu egongo dela Tolosaldeko ekintzaileen eta enpresen beharrei erantzuteko», esan du.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!