Opera eta ballet gehiago nahi dute tolosarrek

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mar. 30a, 10:34

Udaberriko kultur egitaraua eta Kulturzale txartela aurkeztu du Tolosako Udalak; 9 ikuskizunez gozatu ahal izango da, 40 euroan.

Neguko kultur programazioa ixtearen arduradunak izango dira, asteburuan, Francisco Elosegi Limousinen argazki erakusketa, Madama Butterfly opera eta Kukairen Oskara ikuskizuna izango dira. Arte jardunak, ordea, ez du etenik Tolosan, eta kulturaren udaberria lorez beterik dator. Atzo bertan aurkeztu zuten egitaraua, Aranburu jauregian, eta baita egitarauaz gozatzeko eskaintza tentagarria ere: kulturzale txartela. 

Nuria Carbonell kultura zinegotziak iragarri zuen, Londresko Royal Opera Housetik eginiko zuzeneko emankizunekin jarraituko duela udalak, izandako arrakastagatik: "Opera eta ballet emanaldi bakoitzean 300 pertsona inguru elkartu dira Leidor aretoan".

Horrek, noski, egitarauko gainerako hitzorduekin batera, Kulturzale txartelaren gorakada ere ekarri du joan den neguan eta, udazkeneko salmentarekin alderatuta, bost aldiz gehiago saldu dira bonuak. Horrela, beraz, udaberriak ere izango du kultur-mauketatik. Zehazki, 9 emanaldi 40 euroan ikusteko aukera izango dute txartela eskuratzen dutenek; ia 55 euroko deskontua, beraz. Astelehenetik aurrera eskuragarri izango dira kultur etxean, eta Tolosako Udalak 200 txartel jarriko ditu salgai. Ohi bezala, gainera, kulturzaleek aretoetako eserleku onenez gozatzeko aukera izango dute.

Ondare bat, argazkitan emana

Agerraldian izan zen, Nuria Carbonellekin batera, Elisa Querejeta, Francisco Elosegi Limousin, 1930-1959 argazki erakusketako komisarioa. Elosegiren senideek dohaintzan utzi zioten, iaz, Tolosako Udalari, Elosegiren argazki funtsa: 3.000 ale digitalizatu ditu udalak, eta artxiboan daude gaur egun.

Bada, Elisa Querejeta argazki horiekin aritu da lanean, eta aukeraketa bat egin du, erakusketa osatzeko. "Argazkilaritza klasikoa, baina kalitate handikoa" dela azaldu zuen, eta gerra aurreko nahiz ondorengo irudiak ikusgai izango direla, 45 argazkitan. "Estilo batek erakusle dira bere irudiak, eta erakusketa, gainera, afizionatuen argazkilaritzaren erakusle ere bada; hainbat profesionalek baino kalitate handiagoa baitute irudiek", dio Querejetak: "Elementu gutxi, argiaren erabilera, zehaztasuna eta enkoadraketa izugarriak dira garai hartarako, eta argazkilaritza oso intimoa osatu zuen".

Horrela, beraz, gaur iluntzetik aurrera, erakusketa zabalik izango da bisitarien gozamenerako, garai bateko Tolosa, Tolosaldea nahiz Aralar ezagutzeko.

 

UDABERRIKO KULTUR EGITARAUA

  • Apirilaren 7an, Ez dok hiru ikuskizuna Leidorren.

  • Apirilaren 11n, Jewels Royal Opera Housetik zuzeneko opera proiekzioa Leidorren. Kultur zale txartelean dago.

  • Apirilaren 21ean, Alberto Cortezen emanaldia Leidorren.

  • Apirilaren 22an, Euskadiko Ikasleen Orkestra eta Dantzertiren ikuskizuna Leidorren.

  • Apirilaren 28an, Francoren bilobari gutuna antzezlana Leidorren. Kultur zale txartelean dago.

  • Apirilaren 29an, Goazen ikuskizuna Leidorren. Eta egun berean Tolosako Musika Bandaren kontzertua Topicen.

  • Maiatzaren 5ean, Benito Lertxundiren kontzertua Leidorren.

  • Maiatzaren 6ean, Txan Magoa Leidorren.

  • Maiatzaren 12an, España ingobernable antzezlana Leidorren. Kultur zale txartelean dago.

  • Maiatzaren 14an, Samadhana dantza eskolaren emanaldia Leidorren.

  • Maiatzaren 19an, Ados teatroaren eskutik Idiot Txou antzezlana Leidorren. Kultur zale txartelean dago.

  • Maiatzaren 20ean Berazubi Auzo Elkarteak antolatutako bertso jaialdia Leidorren.

  • Maiatzaren 26ean Gorka Hermosa eta Jose Luis Montonen emanaldi musikala Topic-en.

  • Maiatzaren 28an, Udaberri dantza taldeko ikasleen emanaldia Leidorren.

  • Ekainaren 2an, Soledad Ruzen Granada Nueva York flamenko ikuskizuna. Kultur zale txartelean dago.

  • Ekainaren 7an, Royal Opera Housetik zuzeneko ballet proiekzioa Leidorren. Kultur zale txartelean dago.

  • Ekainaren 9an, Caperucita y los otros antzerki emanadia TIC TAC antzerki tailerraren eskutik Leidorren. Kultur zale txartelean dago.

  • Ekainaren 16an Barro Rojo antzezlana Javier Liñeraren eskutik Topic-en. Kultur zale txartelean dago. Egun berean, dantza tailerraren ikasturte amaierako emanaldia izango da Leidorren.

  • Ekainaren 28an, Royal Opera Housetik Otello zuzeneko opera proiekzioa Leidorren. Kultur zale txartelean dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!