"Maila honetan asko ikasi dugu eta indartuta atera gara"

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 29a, 10:30

Asteburuko partida galdu ondoren, eta denboraldia amaitzeko bost jardunaldiren faltan, matematikoki maila galdu du Tolosa CF Eskubaloi taldeak. Juan Martin Amiano da presidentea.

Bost jardunaldiren faltan galdu duzue maila.
Garbi genuen azken lau edo bost jardunalditan gertatuko zela hori. Denboraldian zehar nahiko zorte txarra izan dugu. 8-9 partida gol batez edo biz galdu ditugu. Hori nahiko tristea izan da.


Sailkapenean hiru puntu bakarrik izan arren, partida guztietan eman duzue lehia.
Horrela izan da, eta min gehien horrek ematen du. Baina gauza bat argi utzi behar da: Espainia mailan aurreneko 32 talderen artean gaudela. Asobalen hamasei daude, eta Zilarrezko mailan beste hamasei. Hor egon gara gu, nahiz eta aurrekontu baxuena eduki. Beste taldeetan beti izaten da mugimendua hiru edo lau jokalarirekin. Profesionalak edo erdi profesionalak dituzte taldean. Guk hori ezin dugu egin. Bartzelona eta Alcobendas aparte utzita, beste talde batzuk 400.000 euroko aurrekontuarekin ibili dira. Gurea 80koa da. Bost aldiz gutxiago.


Eta jokalariei ezer ordaindu gabe.
Zarauztarrek eta guk bakarrik daukagu politika hori.


Jarri al zarete hurrengo denboraldira begira?
Bai. Gutxi gorabehera zein jokalarik jarraituko duen eta zeinek ez ikusten hasi gara. Baina hori baino lehen, beste gauza bat ere argi utzi nahiko nuke: erakunde mailan laguntza oso txikia dela. Gipuzkoako diru guztia Bidasoak eramaten du, maila kontuan hartzen delako. Udal mailan, berriz, alderantzizkoa gertatzen da. Berdin dio zein mailatan zauden. Kezka pixka bat sortzen digu horrek. Gure helburua ez da ez dakit noraino iristea, baina hurrengo urtean berriro saiatuko gara gora igotzen. Eta hor, laguntza oso gutxi dagoela ikusi dugu.


Alex Nogues entrenatzailea zuekin izango al da hurrengo urtean?
Berarekin hitz egiten ari gara. Aurrena urte hau amaitu behar dugu, eta gero hurrengoa prestatu. Hasiera batean etxean izango dela pentsatzen dut, proiektu hau luzerako baita. Aldaketa batzuk izango dira, agian, baina nire ustez entrenatzaileak etxean jarraituko du.


Zuen intentzioa berarekin jarraitzea al da?
Gure intentzioa hasi dugun lana bukatzea da. Eta aurrena aurtengoa bukatu nahi dugu. 15 egun barru edo gauzak zehazten hasiko gara. Guk proiektu bat daukagu mahai gainean, eta berak ere izango du berea. Hitz egin beharra daukagu, baita jokalariekin ere.


Zilarrezko Mailara igo zinetenean, hainbat jokalari ekarri zenituzten kanpotik. Horiek jarraituko al dute?
Oraindik ez daukagu nahikoa informazio; baina taldean nahiko giro ona dagoenez, ez dut uste joango direnik. Utziko duenak lanagatik edo jokalari izateaz utzi nahi duelako izango da; ez dut uste beste leku batera joango denik. Horrez gain, aurten gurekin egon ez diren jokalari pare bat hurrengo urtean gurekin izango dira. Aitor Aranburu osatu da belaunetik eta fitxa egingo diogu azken partida hauetan ere joka dezan. Ander Uranga, berriz, Italian egon da, eta hurrengo urtean berriro gurekin izango da. Bi alta oso garrantzitsu izango dira. Nire ustez jokalari gehienak etxean geratuko dira nahiz eta mailaz jaitsi. Horrela, hurrengo urtean berriz gora igotzeko asmoz jokatuko dugu.


Ioritz Goikoetxeak aurten etxeko partidetan bakarrik jokatu du. Hurrengo urtean zer gertatuko da?
Familia izan du eta bidaia luzeak ez egitea eskatu zuen. Hurrengo urtean bidaia motzagoak izango dira, eta aurreko urtean egin bezala, gurekin izango dela uste dut.


Jaitsi arren, ilusioa hor dagoela erakusten duzu.
Ilusioa Zilarrezko Mailara igotzeak eta nolakoa den ezagutzeak sortu digu. Ikasketa oso garrantzitsua izan da. Zarautz da gure adibidea. Bost urte daramatzate maila honetan, eta badakite nola moldatu.  Gure aurreneko urtea izan da. Oso gogorra dela ikusi dugu, baina hor egon gara. Orain arteko guztiarekin alderatuta, oso desberdina izan da. Ez jokalarien mailagatik bakarrik, baita antolakuntzari begiratuta ere. Asko ikasi dugu, eta hurrengo urterako indartuta atera garela uste dut. Ahal badugu, ea lortzen dugun berriro ere mailaz igotzea.


Alde onari begiratu beharko zaio: hartu duzuen esperientzia horri.
Jokalariek urte honetan, beste maila batean bi edo hiru urtetan ikasiko zutena ikasi dutela uste dut.


Harrobitik tiratzeko garaia izango da hemendik aurrera.
Hurrengo urtean hamaika jokalari igoko dira jubeniletatik. Goran bi talde ditugu, bat hau eta bestea bigarren nazio mailan dagoena. Gure lana eskolan dago, gure oinarria baita. Hori lortzen ari garela uste dut. Oso denbora gutxian eskualdeko jendearekin jokatuko dugula uste dut, nahiz eta horrek ez duen esan nahi kanpotik jendea etorriko ez denik. Postu batzuetan beti izaten baita hutsuneren bat.


Hurrengo urteari begira, bai?
Ez. Nire ustez hurrengo urtean etxeko jendearekin eta daukagunarekin egingo dugula. Kanpotik inor ekartzeko beharrik ez daukagula uste dut.


Presidentea nekatuta al dago?
Oraindik ez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!