Trafiko aldaketa irisgarritasuna hobetzeko

Ataria 2017ko martxoaren 24a

Berazubi eta suhiltzaileen biribilgunearen arteko irisgarritasuna hobetzeko lanak direla eta, trafiko aldaketak izango dira astelehenetik hasita eta bi hilabete inguru irautea aurreikusten dute Tolosako Udaletik. 

Erabiltzaileek beraz ondorengo trafiko aldaketak kontuan izan beharko dituzte: Batetik, Kondeaneko aldapa itxita egongo da suhiltzaileen biribilgunerako noranzkoan. Horren ondorioz, suhiltzaileetatik Santa Klarako biribilgunerako noranzkoak bi norabideak hartuko ditu, aldizka, semaforo baten bidez. Eta bestetik, Martin Jose Iraola kaleko aldapa itxita egongo da bi noranzkoetan. [Kondeanekoko aldapatik Berazubiko biribilgunerako errepidea eta Berazubiko biribilgunetik suhiltzaileen biribilgunerartekoa ere itxita egongo dira]. Aparkalekua, ordea, zabalik egongo da eta Iurreko biribilgunetik barrena joan ahal izango da bertara. 

Lehen fase hau gauzatzeko aurrekontua 370.122 eurokoa izango da eta gehienez, hiru zatitan banatuta, sei hilabetez luzatuko da Tolosako Udalaren esanetan. 

Oinezko bidea eta zirkulazioa hobetzeko asmoz

Proiektuak oinarrian Amarotz eta Berazubi auzoen arteko oinezko bidea era zirkulazioa hobetzea eta erraztea du. Oinezkoei begirako neurrietako bat espaloien zabalera handitzea izango da, eskuineko espaloia zabalduko da metro batean, 3,5 metrokoa bihurtzeraino); Martin J. Iraola kaleko beheko aldean, Berazubiko biribilgunearen eta Iurreamendi pasealekuko bidegurutzearen artean. Aipatu tokietan beraz, espaloiak errepideari tokia irabaziko dio.

Bestelako eguneraketak ere izango dira. Esaterako, kaleko argiak berrituko dira, euri-uren sare berri bat jarriko da, errepideetako seinalizazio horizontala eta bertikala berrituko dira eta barandak margotuko dira. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!