Hesi erraldoien seme-alabak

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko martxoaren 24a

Antonio Ruiz argazkilariak 'Bigarren mailako errefuxiatuak' erakusketa osatu du; Aranburun da ikusgai.

Azken hiru urteotan munduan sortutako 36 gatazka eta gerretatik gehienak Afrikan piztu dira; halaxe dio Antonio Ruiz argazkilariak. Saharaz hegoaldeko herritar askoren patu bilakatu da, beren senide eta jaioterriak atzean utzi, eta gerra egoeretatik ihes egitea, errefuxiatuta bizitzeko. Askok ezin izaten dute, ordea, horretara ere iritsi: burdin harizko hesi erraldoia dute patu bakar.

Horixe islatu nahi izan du Antonio Ruizek, Bigarren mailako errefuxiatuak erakusketan: «Batek ezin du harridura ezkutatu, gerretatik ihesi datozen pertsona horiekiko enpatia falta ikusita». Horrela, zuri-beltzeko erretratuekin hesia hartu du erdigune, argazkien bilduma osatzeko.


Fotokazetariaren arabera, «eroso bizi gara, gure zilborrari begira, eta gutxi axola zaigu duintasuna». Bide horretan, mugak zeharkatu eta errefuxiatu izaten saiatzen direnen errealitatea plazaratu nahi izan du: «Pertsonen oinarrizko eskubideak ez dira defendatzen, eta defendatu beharko lituzketenek neurriz kanpoko indarra darabilte. Gero, gainera, beren burua zuritzen dute, aginduak betetzen ari zirela esanez».

Antonio Ruiz El Diario, El Mundo, ABC, Le Monde, The Guardian, Der Spiegel, Il Corriere della Sera, Magazine TIME, Magazine LIFE, EFE agentzia eta France Press-entzat aritu izan da lanean. Gaur egun, berriz, El País kazeta espainiarrarentzat aritzen da. Bigarren mailako errefuxiatuak erakusketa larunbatera bitarte izango da ikusgai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!