Nafarroa etorbidea aldaketarako prestatzen

Tolosaldeko Ataria 2017ko martxoaren 22a

Apirila amaieran hasiko dira eraberritze lanak, eta aurretik hainbat zuhaitz ateratzen ari dira, beste nonbait birlandatzeko

Tolosako Udalak 2017ko aurrekontuan txertatutako inbertsio nabarmenena izango da, Nafarroa etorbideko eraberritzearena. Orobat, 1.252.148 euroko inbertsioa izango da, eta apirila amaieran ekingo diete lanei. Aurretik, ordea, etorbideko hainbat zuhaitz atera eta birlandatzen ari da udala.

Zehazki astigar norvegiarrak dira, eta Tolosako beste lursailen batean birlandatuko dituzte, zuhaitzen bizirautea bermatzeko. Tolosako Udalak azaldu duenez, birlandatzea orain egin beharra dago, zuhaitzak lehortu ez daitezen.

OINEZKO MERKATARITZA

2012an osatutako Komertzioen Suspertzearen Plan Berezia du oinarrian, Nafarroa etorbideko eraberritzeak.

Horrela, obrak bi helburu nagusi ditu. Batetik, kalea oinezkoentzat egokituko dute, haien joan-etorriak errazteko. Horretarako, besteak beste, espaloia zabalduko dute eta errepidea estutu.

Bide beretik, oinezkoen bideak erosoago egitearen ondorioz, bigarren helburuari helduko dio udalak: ostalarien eta merkatarien jarduna suspertzea, kale egokiago baten bitartez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!