Mendebaldeko Sahararen eta preso sahararren askatasuna eskatu dute

Ataria 2017ko martxoaren 18a

Gipuzkoako sahararren kolektiboak deituta elkarretaratzea egin dute Tolosako Trianguloa plazan. Sahararren Tolosaldeko kolektiboaren ordezkaria den Adnan Dahik azaldu duenez, "preso politikoen alde ari gara, eta bereziki Gdeim Izik-ekoak ditugu gogoan, lurralde okupatuan injustizia jasotzen ari direnak, eta epaituak izaten ari dira epaiketa militar batean, epaiketa fartsa batean".

Epaiketa irauten ari den bitartean Mendebaldeko Saharan tentsio handia dagoela dio Dahi-k: "Manifestazioak egiten ari dira, errepresio handia badago ere. Gdeim Izik-eko presoen familiak sufritzen ari dira, Marokoko inteligentziak ez die alokairuan etxebizitzak hartzen uzten epaiketaren jarraipena egiteko. Injustizia handia dago, eta horrek erakusten du Marokoren erregimen diktatoriala eta nola ari den saharar herria sufritzen".

Dahi-k gaineratu duenez, "ez dugu etsiko, beti jarraituko dugu gure autodeterminazio eta independentzia eskubideak aldarrikatzen. Borrokan jarraituko dugu preso politiko guztiak aske izan arte, baita desagertuta daudela esan baina preso dauden sahararrak askatu arte ere. Gure odolaren azken tanta arte borrokatzen jarraituko dugu, hemen, lurralde okupatuan edo errefuxiatuen kanpamentuetan. Saharar bat dagoen lekuan borrokan jarraituko du azken unera arte".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!