Oria biziberritzeko ale txiki-handiak

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko martxoaren 18a

Ibaia garbitzen aritu da, goizean, herritar talde bat; astelehenetik asteazkenera bitarte, ikastetxeetako neska-mutilak ariko dira.

Tolosako Udalak, Tolosako Ingurumen Zentroak, Zumardia elkarteak eta TAK arraun taldeak lagunduta, Oria ibaia garbitzeko lehen hitzordua izan da, gaur, Tolosan. 11:00etan hasi dira, eta piraguan nahiz alan aritu dira arraunean, ibai ertzetan pilatutako zabor eta hondakinak kentzeko.

Patxi Amantegi ingurumen zinegotziak azaldu duenez, "uraren kalitatea oso ona da, baina ibaiaren kalitatea ez, ibaia ez baita ura bakarrik"; hondakin asko egoteaz gain, dauden harriak txikiak direla azaldu du, eta handiagoak beharko luketela izan.

Horrela, ur ertzean pilatutako materiala eta zaborra kentzen ahalegindu dira, bi orduz. Iaz hainbat izokin askatu zituzten Oria ibaian eta, Amantegiren ustez, bi urte barru-edo, bueltan izango dira; lehenik, presa puzgarrian obra txiki bat egingo dute. Aipatzekoa da, aldundiak duela bizpahiru urte markatu eta zabaldutako izokinetako bat Iruraraino igo dela jada.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!