«Niretzat musika garrantzitsua da arte moduan, baina baita pertsonaren garapenerako ere»

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mar. 16a, 07:45

Psikologia, pedagogia eta musika ikasketetan jasotako jakintza uztartu du Marta Bocosek (Donostia, 1981), Lalala soinu gela gorpuzteko. Ezinbestekotzat du hezkuntza sistemaren hutsuneei erantzutea, eta Tolosan ere izango da haur txikiak musikara lotu eta musikaz hezteko aukera.

Zer da 'Lalala soinu gela'?

Ikasturte hasieran jarri genuen martxan, iraila eta urria artean, Donostian. Finean, 0 eta 3 urte bitarteko haurrekin eta haien gurasoekin musika tailerrak egiteko gunea da, eta Prim kalean dago. Hala ere, orain, herriz herri mugitzen ari gara, gure proiektua hainbat musika eskolatan eskainiz.

Donostiako espazioaren ideia nondik nora sortu zen?

Nik musika ikasketak egin nituen, eta urte asko daramatzat musika irakasle lanetan. Hondarribiako musika eskolan lau urte daramatzat horrelako tailerrak egiten eta, Donostian eta inguruan horren beharra zegoela ikusten nuenez, ahizpa eta biok proiektua sortzera animatu ginen.

Hondarribian, lau urte horietan, nabaritu duzu garapenik haurrengan?

Bai. Esaterako, hiru urtez tailerretan parte hartzen aritu diren haurrek garapen nabaria izan dute. Izan ere, musikarekin harremantzen hasten dira, eta musikaren ezaugarriak ezagutzen: altuera, intentsitatea,... Guztia modu ludiko batean egiten dugu, kantu eta mugimenduen bitartez. Gainera, garrantzi handia ematen diogu gurasoak bertan egoteari, beren arteko harremanak indartzeko. Adin-tarte hori oso garrantzitsua da haurren garapenean eta, horregatik, hainbat aspektu lantzen ditugu. Psikomotrizitatea, adibidez, musika tresna jotzerakoan estimulatzen dugu. Kantuekin, berriz, hizkuntzaren jabekuntzari laguntzen diogu. Alderdi musikala lantzen dugu, baina baita musikala ez dena ere.


Musikarekiko sentsibilitatea edo gaitasuna genetikoa da, batetik. Baina, jaiotzaz dohain hori jaso ez duen haur batek, zenbateraino landu dezake?

Nire esperientziatik abiatuta, garrantzitsua da haur bakoitzak berez dakarrena; bai genetikoki, bai etxeko ohituretatik. Adibidez, etxean musikaasko entzuten badute, edo gurasoak musikariak baldin badira, hori nabaritu egiten da. Hala ere, nire ustez, gaitasun musikalak lantzeko ez da, bakarrik, norberak dakarrena kontuan hartu behar. Adin tarte hori oso garrantzitsua da, haurrak oso txikiak direlako eta informazio pila bat jasotzen dutelako. Gordon pedagogo eta psikologoaren kezka hori izan zen, hain zuzen: haurrek nola ikasten duten aztertzea. 0 eta 3 urte bitartean estimulazioa beharrezkoa dela ondorioztatu zuen, gerora, gaitasun musikal horiek errazago landu eta garatzeko. Alde horretatik, Gordonek alderatu egiten ditu musika jabekuntza eta hizkuntza jabekuntza, izan ere, hizkuntza txikitatik ikasten dugu: entzuten hasten gara, imitatu egiten dugu gero, eta idazten eta irakurtzen ikasten dugu azkenik. Bada, musikarekin prozesu bera jarraitu behar dela defendatzen du Gordonek, haurrei musika hasieratik eskainiz.

Musika lantzeak garuneko atal bat askoz ere gehiago garatzen duela diote beste zenbait ikerketak, eta musikak gaitasun terapeutikoak ere badituela. 

Bai, azkenaldian asko hitz egiten ari dira horren inguruan, eta halaxe da. Adibidez, kantatzen dugun bitartean mugitu egiten gara eta, beraz, arreta, hizkuntza nahiz motrizitatea lantzen ditugu; garunaren hainbat zati batera ari dira lanean, oso modu integralean, eta sekulako estimulua da.

Badirudi musika eta bestelako diziplina artistikoak kondenatuta daudela hezkuntza alternatibo izatera.

Askotan, badirudi gehiago garatzen ari direla, baina, gero, eskoletara bertaratu, eta hezkuntza ofizialean diziplina artistikoa murrizten ari dela ikusten duzu. Niretzat, musika garrantzitsua da arte moduan, baina baita pertsonaren garapenerako ere, kirola edo hizkuntzak diren moduan. Ikastetxe askok, beren eskaintza ofizialean halakorik ez dutenez, proiektu paraleloez baliatu eta haiek eramaten dituzte eskolara, eta hori ere interesgarria da.

'Lalala soinu gela', haurren garapenaren bidelagun

Datorren martxoaren 25ean musika tailerra izango da, Tolosako musika eskolan; izena eman daiteke jada.

Haurren jabekuntza aroan zuzenean eragiteko helburuz sortu zuten, ikasturte hasieran, Lalala soinu gela, musika bestelako gaitasunetara iristeko abiapuntutzat hartuz. Marta Bocos eta haren ahizpa dira arduradunak, eta Tolosako Eduardo Mocoroa musika eskolan tailerra eskainiko dute, datorren martxoaren 25ean.

Soinuaren bitartez gaitasun musikal, psikomotore, kognitibo eta sozioafektiboak garatzeko proposamena da, eta haurrak eta familiako kide batek parte hartzeko diseinatu dute.

Horrela, datorren hilaren 25eko saioetarako izen emateak haur baten eta heldu baten parte hartzea ahalbidetuko du.

0 eta 1 urte bitarteko haurren hitzordua 10:00etatik 10:45era izango da, musika eskolan; 1 eta 2 urte bitarteko neska-mutilek, berriz, 11:00etatik 11:45era gozatu ahal izango dute tailerraz eta, azkenik, 2-3 urte bitartekoen saioa 12:00etatik 12:45era bitartekoa izango da.

Izen ematea zabalik da musika eskolan, eta 15 euro ordaindu beharko du familia bakoitzak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!