Gizarteak, oro har, eta gazteek bereziki, Juanito Lope gehiago ezagutu dezaten antolatu du lehiaketa Juanito Loperen Lagunak elkarteak, bere ibilbidea, filosofia eta lan egiteko moduak berreskuratzeko asmoz. Tolosako ikastetxeetako 12 eta 16 urte bitarteko gazteek hartu ahal izango dute parte lehiaketan eta lanak apirilaren 28ra bitartean entregatu beharko dituzte.
«Marrazteko teknika berezia bezain sinplea eta esanguratsua zuen Juanitok. Oinarrizko pintzelkadaz, maisutasunez islatzen zuen pertsonaia guztien izaera. Orri soil batean garatzen zuen jorratu nahi zuen gaia, ironia eta umore finez, plano eta egoera ezberdinetan kontakizun sekuentziala eginez, komikien modura», esan du Pablo Dendaluze Juanito Loperen Lagunak elkarteko kideak.
Orain aurkeztu duten lehiaketaren gakoa, Lopek erabiltzen zuen teknika eta estilora hurbiltzea izango da. Orri bakar batean gauzatu beharko dute lana gazteek, gai librean. «Istoria bat osatu beharko dute orri horretan». Lanak epaitzen, Fortunato Ruiz de Egilaz, Iñaki Moyua eta Elena Arrese ariko dira.
Sariak gazteentzat
Tolosa&Co merkatari elkarteak babestu du lehiaketa eta bazkide diren saltokietan erosketa txekeak banatuko ditu irabazleen artean. «Bi kategoria bereiziko dira. 12 eta 14 urte artekoak alde batetik eta bestetik 15 eta 16 urtekoak. Kategoria bakoitzean, bina sari banatuko dira, 50 eta 40 eurokoak hurrenez hurren», esan du Dendaluzek. Horrez gain, Antonio Elosegi SL-k banatutako sari nagusi bat egongo da, 200 eurokoa, «Juanitoren marrazkiak egiteko moduari gehien hurbiltzen zaionari emango zaiona». Aurkezten diren lanen artean aukeraketa bat egin eta Tolosa&Co elkarteko denden erakuslehioetan jartzeko asmoa du elkarte antolatzaileak.
Aurten betetzen dira ehun urte Juanito Lope jaio zela. Bere lagun eta ezagunek osatu duten elkarteak liburua kaleratu zuen otsailean eta aurrera begira ere baditu asmo gehiago Juan Bautista Aranzabek argitu duenez: «Maiatzean erakusketa bat zabalduko da Aranburu Jauregian eta irailean mendeurrena betetzen den egunean omenaldia egingo zaio bere pasadizoan». Tolosako kultura zinegotzi Nuria Carbonellek eskertu egin du elkarteak egiten duen lana.