«Grina eta afizioa behar dira horrelako talde batean aritzeko»

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mar. 12a, 10:06

Udaberri sortzen ikusi zuen batak, eta Udaberriri esker sortu zen mundura, bestea. Aitona-bilobak dira Ramon Urruzola (Tolosa, 1942) eta Miren Nazabal (Tolosa, 1998), eta dantza taldearen sei hamarkadako historiaren irudi bizia dira.

Lehen belaunaldikoa da bata, eta seigarrenekoa bestea. Nola hasi zineten Udaberrin?

Ramon Urruzola: : Orduan taldearen ardura bi Sakramentinok zeramaten: Xalbador Garmendia zaldibiarrak eta Felix Galdona bizkaitarrak. Oinarrizko dantzak irakastera Aritz dantza talde desegindako kideak joaten ziren: banakoa, binangoa, launangoa, txakarrankua,... Niri Guillermo Lizasok txistua irakasten zidan, eta behin aipatu zidan Sakramentinoetan talde bat bazebilela dantzan, eta txistularia behar zutela. Inguruko auzoetako mutil kozkorrak ziren, eta nik 14-15 urte izango nituen. Horrela hasi nintzen, beraz: txistularia behar zutenean deitu egiten zidaten, eta emanaldietara joaten nintzen. Denbora gutxira Juan Inazio Elosegiri txistua jotzen erakutsi nion, kanpin denda batean; bere osabaren txistu zahar bat zeukan, eta metodoa eraman genuen. Pixkana-pixkana, nirekin Udaberrira etortzeko proposamena egin nion, emanaldietara-eta. Bigarren ahotsa nork egingo zuen erabakitzeko, txanpona airera botatzen genuen [barreak]. Oso-oso oinarrizkotik abiatu ginen, eta guzti-guztia egiteko zegoen. Baina gu, kanpoko musikari moduan aritzen ginenez, batzuetan kobratu ere egiten genuen.

Zure hastapenak desberdinak izango dira, Miren.

Miren Nazabal: Bai, aitonaren historia eta nirea oso desberdinak dira alde horretatik. Ni ikastaroetan hasi nintzen, eta bide horri jarraitu diot orain arte. Txikitan beti dantzan ibiltzen omen nintzen, eta gurasoek Udaberrin izena ematea erabaki zuten, lagunekin batera. Sei urterekin hasi nintzen taldeko ikastaroetan, eta oraindik hemen jarraitzen dut.

Emanaldietarako musikari izatetik, nola pasatu zineten taldeko kide izatera?

R.U.: Garmendiak eta Galdonak gotzaindegiak agindutako tokira joan behar izaten zuten, eta hiru urteren buruan lekualdatu egin zituzten. Orduan, zera esan ziguten, gu ginela helduenak, eta taldea gure esku utziko zutela. Musikari independente izatetik arduradun nagusi izatera pasatu ginen, pentsa! 17 urterekin diruzaina nintzen ni! [barreak].

Garai hartan eta adin harekin, nola atera zenuten aurrera taldea?

R.U.: Aldaketa udan izan zen. Gogoan dut Juan Inaziori esan niola: «Orain zer egingo dugu?». Eta berak erantzun: «Zer egingo dugun? Ikasi!». Esan eta egin: kontserbatorioan hastea izan zen lehenengo pausoa. Garai hartan Tolosan ez zegoen kontserbatoriorik, noski, eta Donostiara joaten ginen. Isidro Ansorena genuen maisu, eta oso-oso irakasle ona zen; umila eta atsegina.

Dantzan, ordea, esperientziarik ez genuen, eta Tolosatik kanpoko giroa gutxi ezagutzen genuen. Uda garaia probestuz, iparraldera txango bat egitea erabaki genuen Juan Inaziok eta biok. Han emanaldi asko izaten ziren, eta talde guztiak herriz herri ibiltzen ziren. Bizikleta hartu, eta egun batzuk pasatzera joatea erabaki genuen

Ideiak hartzera?

R.U.:: Bai. Han ekinbide etxeak zeuden herri guztietan,eta dantza emanaldien egitarauak bildu genituen, hasteko. Horrela, Donibane Garazin, Luzaiden eta Atharratzen izan ginen. Goizaldi, Donostiako Oinkari, Oldarra,... Lau emanaldi inguru ikusi, eta ideia batzuk hartu genituen. Izan ere, Xalbador Garmendia Goizaldi dantza taldeko maisuak ekartzen hasi zen Udaberrira, baina haiek taldea utzitakoan, guk Goizaldikoekin harremanik ez genuenez, gure kabuz hasi behar izan genuen lanean.

Bata dantzaria da oraindik, eta bestea musikari izandakoa. Dantza talde batean horrek desberdintasunik markatzen al du?

M. N.: Entseguetan bada desberdintasunik eta, beharbada, dantzariok gehiagotan joaten gara musikariak baino. Taldeko inplikazioan eta lan banaketetan, aldiz, ez dago bereizketarik musikari eta dantzarion artean; ez, behintzat, gaur egun. Denok berdinak gara.

R.U.: Nik Udaberrin bi bizitza izan ditut: 17 urtera bitartekoa eta 17 urtetik 22 urtera bitartekoa. Bi errealitate oso desberdin ziren, eta bigarren fasean, arduradunak gu geu ginenez, entsegu guztietara joan behar izaten genuen. Hala ere, meritua beti dantzariek irabazten zuten, futbolariak bezala! Gola haiek sartzen dute, eta dantza dantzariek egiten dute [barreak]. Egia esan, grina eta afizioa behar dira horrelako talde batean aritzeko, eta orduan ere bagenituen. Donostiatik maisu bat ekartzen genuen astean bitan, Manolo Elkano; klase bakoitza 75 pezeta ordaintzen genizkion, unean bertan. Jakina, kobratzeko akaso gutxi izango zen, baina ordaintzeko asko!

Miren, zuk betidanik egin izan duzu dantza neskekin zein mutilekin. Hastapenetan, ordea, Udaberri mutilen taldea zen, ezta?

R.U.: Bai. Juan Inazio Elosegik emanaldien egitura antolatzen zuen, eta konturatu zen talde handiago bat behar genuela, eta mutilekin bakarrik ez ginela urrutira iritsiko. Nik, garai hartan, Corazonistetako nesken dantza taldearekin ere jotzen nuen txistua. Juan Inaziori proposatu nion nesken talde hura Udaberrin txertatzeko ideia, eta baita nesken arduradunari ere, Jose Ramon Artetari. Horrela, 1963an, talde bakarra osatu genuen.

Gogoan dut ez nuela dirurik, ez Udaberriko kaxan, ez poltsikoan; baina taldearekin jarraitu beharra zegoen. Zera erabaki nuen: herriko taberna garrantzitsuenetara joan, eta Udaberri dantza taldea baliabide ekonomikorik gabe zegoela azaltzea. Horri esker eta emanaldiak eginez atera ginen aurrera, ahal bezala.

Kontuak horrela, sekula pentsatuko al zenuen Udaberri dantza taldeak 60 urte beteko zituenik?

R.U.: Ez, egia esan ez. Garai hartan, gainera, ez zegoen 25 edo 30 urteko dantzaririk; soldaduska edo ezkontza tarteko, jendeak utzi egiten zuen taldea. Dena den, lekukoa pasatu genien gazteagoei. Behin Joxe Ramon Garikano entsegu batera etorri zen, beretzat lekurik ba ote zegoen galdezka. Baiezko biribila eman nion, noski, eta lanean jarri. Urte batzuk elkarrekin jotzen pasatu eta gero, Joxe Ramon geratu zen taldean. Sekulako hobekuntza ekarri zuen Udaberrirentzat, eta kantu berriak-eta txertatu zituen errepertorioan. Hala ere, talde gehienek izan dituzte gainbeherak: ondo hasi, pixkana-pixkana igo, eta bat-batean zuloan sartu. Udaberriri gertatu zitzaion.

M. N.: Bai, gu hasi ginenean ere suspertu berria zen taldea, 50. urteurrenaren ondotik krisialdi txiki bat izan baitzuen Udaberrik.

R.U.: Gure garaian ere gertatu zen antzeko zerbait, duela 45 urte inguru. Guk taldea utzia genuen, eta garai loriatsu bat izan zuen Udaberrik. Oiartzungo Lartaun abesbatzarekin batera ikuskizun bat egin zuten. Jon Oñatibia zen abesbatzaren arduraduna, eta Euskal Show izena jarri zion ikuskizunari. Oso-oso gauza polita osatu zuten, ikuskizun hark arrakasta handia lortu zuen. Udaberri hazteko balio izan zuen, baina gero bat-batean iritsi zen gainbehera. Hala ere, gaur egungo Udaberri garai batekoa baino askoz ere hobeto antolatuta dagoela iruditzen zait, eta urtetan eta urtetan eusteko indarra duela.

Aitona eta biloba zarete; Miren, zuk ia herentziaz jaso duzu Udaberriko kide izatea. Zuk, berriz, Ramon, zer sentitzen duzu Miren eta Xanti bilobak dantzan ikusita?

R.U.: Pentsa! Lerde-zapiarekin joan behar izaten dut ikustera! [barreak]. Askotan joaten gara: Donibane Lohitzune, Ermua edo Deba ditut gogoan.

Debako euskal jaiarekin baduzue kontatzeko istorio polit bat, ezta?

R.U.: Horixe baietz! Deban euskal festa oso garrantzitsu bat antolatzekotan zebiltzan 1964an, eta lortu zuten. Udaberri dantza taldea gonbidatuetako bat izan zen, eta autobusa betetzeko herritar batzuk gurekin etorri ziren; tartean, Mirenen amona Begoña eta bere lagunak. Kasualitatez edo ez, Begoña eta biok elkarren ondoan eseri ginen autobusean, eta gaur arte! [barreak].

M. N.: Geroztik, gainera, anaia eta biok dantza eginak gara Deban bertan. 2014an euskal jai haren 50. urteurrena ospatu zuten, eta orduko talde berberak gonbidatu zituzten. Gaur egungo dantzariekin batera, 1964an bertan izan zirenak ere gonbidatu zituzten, eta gurekin etorri ziren aiton-amonak.

Beste gauza askoren artean, beraz, familia eman dizue Udaberrik.

M. N.: Bai, bai, ni Udaberriri esker nago munduan, hori argi dago!

R.U.: Bai, hala izango da bai! Zure gurasoek ere taldean ezagutu zuten elkar, eta beste zenbait senide ere taldetik pasatutakoak dira. Bai, familia Udaberriren inguruan sortu da, eta gustura gaude!

M. N.: Nik uste dut anaia Xanti eta bion patua zela Udaberri dantza taldean aritzea, aurrekariak ikusita.

R.U.: Hori bai, gaur egungo Udaberrik eta hasierakoak ez dute zerikusirik, noski. Garai hartan ez zegoen baliabiderik, eta meriturik ere ez dugu ordukoak garenok.

Zerbait egingo zenuten.

R.U.: Ez pentsa. Gu handik pasatu ginen kasualitatez, eta joateko esan ziguten, besterik ez.

1957tik 2017ra aldatu al da dantza egiteko eta musika jotzeko modua?

R.U.: Oso ondo dantza egiten dute, eta horregatik joaten naiz ikustera. Beno, eta bilobak ditudalako, noski! Musikariak, adibidez, gai dira bizpahiru musika tresna jotzeko, eta hori oso garrantzitsua da; garai batean hori zirkuan bakarrik gertatzen zen! Gainera, ikusten dut ilusioa badagoela, eta hala behar du, gainera; bestela, taldea ez litzateke aurrera aterako, lotura handia baita. Dantzariak ere sasoian daude, eta ez da kasualitatea. Entseguak, entseguak eta entseguak behar dira horretarako.

Eta zuk, Miren, oinordekotza horrek eraginda, sentitzen al duzu nolabaiteko ardurarik dantza egiterakoan?

M. N.: Batzuetan bai, batez ere aita eta osaba ikustera etortzen direnean; zorrotzagoak dira. Aitona-amonek, ordea, edozer egiten dugula ere, beti esaten digute ondo egiten dugula. Irribarre gehiago egiteko esaten dit aitonak, besterik ez. Horregatik, presioa baino gehiago, guztia ondo egin nahi izatearen ardura sentitzen dut beraiek parean daudenean.

Kontatutakoaz gain, ba al duzue Udaberriren inguruko oroitzapen kuttunik iltzatuta?

M. N.: Udaberrirekin bizi izandako momentu zehatz bat baino, niri gure historia propioa zait kuttuna. Kasualitate askok bat egin dute gu gaur hemen egon gaitezen. Oso berezia da, eta edonork ezin du antzeko zerbait kontatu.

Udaberriren 60. urteurrena familiako hiru belaunaldik elkarrekin ospatzea ere altxorra da. Aurtengoaz gain, beste urteurrenen bat betetzen ikusten al duzue taldea?

R.U.: Aurten ere sekulako kasualitatea egokitu zaigu! Emaztea eta biok irailaren 9an ezkondu ginen eta, hain justu, Udaberriko festa egun horretan izango da. Urtero Zarautzen ospatzen dugu, baina aurten pena ematen digu Udaberriko 60. urteurrena ospatu gabe uzteak, beraz, Tolosan geratuko gara, eta Larrain dantza eder batekin biribilduko dugu ospakizuna.

M. N.: Biak batera ospatu beharko ditugu aurten, eta gustura gainera. Taldearen etorkizunari dagokionez, oraintxe Udaberrik duen osasuna ikusita, eta ikastaroetan ari diren neska-mutil kopuruari begiratuta, badirudi oraindik ere urte batzuetarako badela Udaberri.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!