Bi hilabeterako besarkaden bila

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mar. 9a, 16:26

Tolosako pleno aretoan izan da agerraldia.

Haur sahararrak etxean hartzeko izen-emate epea zabaldu dute, aurten ere, hilaren 31ra bitarte.

Hamazazpi urte dira, jada, Oporrak Bakean proiektua martxan jarri zutenez geroztik. Tamalez, ordea, sahararrek erbesteratuta jarraitzen dute, eta haurren oinarrizko beharrak asetzeko, udako bi hilabeteak arnasaldi ederra izango dira, aurten ere. Horrela, beraz, Tolosaldea Sahararekin elkarteak eta Tolosaldeko udalek elkarlanean aurkeztu dute 2017ko Oporrak Bakean.

Unai Iraola Alegiako alkateak «bi sentimenduk bat» egiten dutela azaldu du agerraldian: «Batetik, poza sentitzen dugu, Oporrak Bakean elkartasunaren ispilu baita. Bestalde, ordea, kezka sentimendua ezabatu ezina da, Saharan bizi duten egoeraren aurrean. Erakunde eta eragileei berena den ardura hartzea eskatu nahi diegu, eta baliabideak jar ditzatela, hamarkadatan luzatzen ari den auziari irtenbide bat emateko».

Bere aldetik, Olatz Peon Tolosako alkatea atzera begira jarri da, gogora ekarriz, sahararrak duela 41 urte bota zituztela Mendebaldeko Saharatik: «Erbestean zerotik hasi behar izan zuten eguneroko bizitza antolatzen, eta kanpoko laguntza ezinbestekoa zaie oinarrizko beharrei aurre egiteko».

10 eta 12 urte bitarteko neska-mutilak Oporrak Bakean proiektuko erdigunea baldin badira, egitasmoak baditu beste protagonista batzuk ere: familiak. «17 urteotan ehunka izan dira harrera familia gisa izena eman duten familiak eta norbanakoak, eta aurten ere haien laguntza beharko dugu», azaldu du Peonek.

Orobat, 15 familia inguruk parte hartzen dute, Tolosaldean, Oporrak Bakean proiektuari lagunduz, eta datorren udarako 6 familiaren prestutasuna badute jada, antolatzaileek. Zenbakia igotzeko, beraz, izen-ematea zabaldu dute jada, martxoaren 31ra bitarte. 645 71 07 89ra edo 696 01 47 86ra deituta aukera izango da egitasmoa hobeto ezagutu eta izena emateko. Bestela, martxoaren 24an informazio gune bat egokituko dute, Tolosako kultur etxean, 18:30etik 20:00etara bitarte. Anoetan ere berdina egin asmo dute, ostiralean, plazan 17:00etatik 20:00etara. Udalek ere egingo dute, halaber, bitartekari lana.

Eskualdeko ordezkari politikoek proiektuaren «malgutasuna» azpimarratu dute, herritarrak bi hilabeteko besarkadara batu daitezen: «Familia edo norbanako bakoitzaren egoerara egokitzen dira; baldintza bakarra nahi izatea da».


Bueltan nahi zaitut, kantuz

Aurtengo aurkezpena berrikuntza batek margotu du, izan ere, Bueltan nahi zaitut kantu eta bideoa aurkezteko ere baliatu dute agerraldia.
Iñigo Asensio tolosarrak sortu ditu letra eta musika, eta Elene Arandiak eta Leire Berasaluzek ere parte hartu dute, abestuz. Halaber, haur euskaldunek eta haur sahararrek osatutako abesbatza batek ere parte hartu du proiektuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!