Goi gailurrak eta goi zinema, Tolosatik mugitu gabe

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mar. 9a, 11:07

Mendi Tour zinema jaialdiak zazpigarrenez hartuko du Leidor aretoa, datorren astelehenetik asteazkenera; sarrerak eskuragarri daude jada.

Norbera sekula iritsiko ez den lekuetara bidaia txartela erostea bezalakoa da, Mendi Tour jaialdirako sarrera bat erostea. Pantaila handira sartu, eta gailurrik garaienak, ibairik bizienak edo bizimodurik muturrekoenak azalean sentitzerainoko kalitatea dute ikus-entzunezkoek. Bada, 2017koa ere prest dute antolatzaileek, eta datorren astelehenetik asteazkenera bitarte, 10 film ikusteko aukera izango da, Tolosako Leidor aretoan.

Atzo aurkeztu zuten egitaraua, eta Aitor Elduaien antolakuntzako kideak egitarauko zenbait ale nabarmendu nahi izan zituen: "Bilboko Mendi Film jaialdiko lan txalotuenak ikusgai izango dira Tolosan. Batetik, Freedom under load eslovakiarra, Bilbon sari nagusia irabazi zuen lana. Tatras mendietako zamaketarien azken belaunaldiari buruzko filma da, eta aipamen berezi bat ere jaso zuen, mushing-a dela eta".

Film irabazlearekin batera, bi euskal film aurkeztuko dituzte Leidorren, eta zuzendariak eurak bertaratuko dira, gainera, azalpenak emateko. Akabuko martxea izango da bat, asteartean, eta transhumantziaren ohitura hizpide izango du ikus-entzunekoak. Halaber, emakume artzainen lanaz ere ariko da. Aitor Gisasolaren eta Fredi Paiaren lana aurkeztuko du Gisasolak bera.

Ibai Ricok, berriz, Incognita Patagonia aurkeztuko du. "Eskalada, glaziarren kartografia eta Cloue izotz zelaiaren zeharkaldia uztartzen dituen ikerketa historikoa da. National Geographicen Gazte Esploratzaileen programak eta Mendi Film Festival-ek babestutako beka batekin gauza zuten abentura, Eñaut Izagirre zuzendariak, Ibai Ricorek eta Evan Millesek, eta ikusgarria da", azaldu zuen Elduaienek.

Aipatzekoa da, sarrerak eskuragarri izango direla, gaurtik aurrera, Leidor aretoan, 5 euroren truke. Emanaldi guztiak 19:30ean  hasiko dira.

Irudiak, izoztuta ere bai

10 filmez gain, Mendi Tour jaialdiak "bi pizgarri berezi" izango ditu aurten. Batetik, Antxon Bandres Bidaiarien Txokoak bidaia bekaren saridunen izena jakinaraziko du asteazkeneko saioan eta, bestetik, Leidor aretoko harrera argazki erakusketa bilakatuko du egunotan.

CVCPHOTO mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketa bigarrenez antolatu dute 2016an, eta hango lanik onenak zintzilikatu dituzte Tolosan; aurretik, Bilboko metroan baino ez dituzte erakutsi. Donostiako Club Vasco de Camping elkarteak antolatutako lehiaketa da, eta 2017rako Mendi Film Festivalekin elkarlan berezia osatu dute: jaialdiko kartela lehiaketako argazkietako bat izango da.

VII. Mendi Tour, egitaraua


Martxoaren 13a, astelehena
19:30. Metronomic, 4634-Perception, Boys in the bugs eta Freedom under load eskainiko dituzte.
Martxoaren 14a, asteartea
19:30. Annapurna II-Uncilmbed, Guilt Trip, Dodo´s delight eta Akabuko martxea eskainiko dituzte.
Martxoaren 15a, asteazkena
19:30. Incognita Patagonia eta The Great Alone eskainiko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!