Torrelles de Llobregateko (Bartzelona, Herrialde Katalanak) eta Xixonako (Alacant, Herrialde Katalanak) dantza taldeak hartuko ditu, asteburuan, Tolosako Udaberrik. Biak ala biak, tolosarrekin hitzartutako trukeen fruitu dira, eta haur zein heldu jarriko dituzte oinak astintzen.
Bisitariek asteburua pasatuko dute Tolosan eta, euren dantza eta doinuak erakustearekin batera, eskualdeko ondarearen zati bat ezagutzeko baliatuko dute bidaia.
Beren jardunari, berriz, larunbat arratsaldean egingo diote tartea, 16:30ean hasita. Kultur etxetik hasita, Esbart Sant Martíko eta Udaberriko gaztetxoek kalejira egingo dute, Alde Zaharrean barrena. Kaleak girotu eta gero, berriz, 17:00etan emanaldia izango da Trianguloa plazan.
Ordu berean, kultur etxetik bertatik irtengo da bigarren kalejira, Xixonako eta Torrelles de Llobregateko helduen taldeen eskutik; hauek ere dantza saioa eskainiko dute Trianguloan, Alde Zaharra kalez kale zeharkatu ondotik.
EGITARAUA
Martxoak 11, larunbata 16:30. Esbart Sant Martí eta Udaberriko gaztetxoen kalejira Alde Zaharrean.
17:00. Gaztetxoen emanaldia Trianguloan. Xixonako eta Torrelles de Llobregateko helduen kalejira.
Ondoren. Helduen emanaldia hasiko da Trianguloa plazan.