[Publirreportajea] Gureak, berriro ere gurean

Ataria 2017ko mar. 8a, 17:11

Luizi batengatik bi urtez itxita egon ondoren, Gureak-Petronor gasolindegiak otsailean jarri zuen martxan zerbitzua, istripurik ez errepikatzeko nahiarekin.

2015eko otsailaren 27a. Goizeko 09:15. Batzuek, oraindik inauterietako ajearekin jarraitzen zuten bitartean, beste batzuek lanerako buelta hartua zuten. Asko kostatzen da egun horietan lanean hastea. Bada, ordea, lanera gogotsu joaten denik ere. Aldiz, lehen aipatutako egun horretan, Gureak-Petronor (lehen, Gureak-Repsol) gasolindegiko langileek ezin izan zuten horrelakorik bizi.

Tolosa eta Irura artean dagoen Santa Luzia auzo inguruan, N-1 errepidearen albo batean (Donostiako noranzkoan) dago gasolindegia. Duela lau urte, lurren mugimendu txiki baten ondorioz, hilabete batzuetarako itxi behar izan zuten. Orduan, Repsol enpresaren eskutik, ingeniari eta geologo talde bat hautatu eta egoera aztertu ondoren, segurtasuna bermatzeko horma bat jarri zuten.

Bestalde, 2015ean, luizi batek ezbehar handiagoa eragin eta horma ere bota zuen. Orduan, nahiz eta zauriturik ez izan, suntsituta geratu ziren gasolindegiko instalakuntzak.

Urtzi Berastegi (Irun, 1976) Gureak enpresaren gasolindegietako aktibitate burua da. Oso ondo gogoratzen ditu azken bi istripuak; hain zuzen ere, Gureak enpresak kudeatzen duelako 1993an lehen aldiz ireki zen gasolindegi hau. «Gureak taldearen nahi eta helburu nagusiena urritasun intelektuala duten pertsonentzat lanpostuak sortzea da», dio Berastegik.

Izan ere, Repsol enpresarekin bateratzean, «urritasun hori duten pertsonekin sortutako estatuko lehen gasolindegia izan zen». Azken lau urteak, ordea, ez dira batere gozoak izan bertakoentzat, ia hiru urtez itxita egon baita. Hala ere, otsailean ireki zituen ateak berriro, inolako istripurik ez errepikatzeko asmoz.

ZERBITZU BERA, KIDE BERRIAK

Lehen, gasolindegiak garraioetarako erregaia eta autoetarako zenbait produktu saltzeaz gain, okindegi eta kafetegi zerbitzuak ere eskaintzen zituen. Gainera, hastapenetik, eguneko 24 ordutan irekitzen dute. Orain ere, lehengo zerbitzu bera eskainiko dute bertan.

Horretarako, baina, beharrezkoa da langileek beren eginbeharrak ongi betetzea, baita uneoro irekita egongo denez, beraien inplikazioa handia izatea. Hala, hiru txandatan banatuta, 12 langile daude bertan. Gainera, bertako zerbitzuak erabiltzera joaten den orok, gertutasuna bermatua du. «Gureak enpresaren Gipuzkoako beste gasolindegietan bezala, hemen ere zerbitzu arduratua eskaintzen dugu, bezeroari pistan kasu egin eta depositoa betetzen diogularik».

Gauzak horrela, langile guztiak, hainbat postutan banatzen dira, hala nola, pistan, dendan, okindegian eta kafetegian. «Egin beharreko lanak honakoak dira: erregaiak eta bestelako elementuak berritzea, produktuak saltzea eta zerbitzuak eskaintzea».

Azken luiziaren ondoren, lanik gabe geratu ziren bertako langileak eta beste edonon kokatzen ahalegindu zen enpresa. Baita lortu ere. «Gureak enpresak, angileekin duen konpromisoa erabatekoa da».

Gasolindegia berriz ireki baino lehen, eskaintza egin zitzaien langile horiei, berriro lanera bueltatzeko, baina batzuek nahiago izan zuten enpresa berean jarraitu. Horietako batzuk, ordea, zazpi hain justu, lehengo lekura itzuliko dira, eta guztiek ere, gasolindegi berean egingo dute lan.

ORAIN BELDURRIK EZ

Duela lau urte gertatutako lurraren mugimenduaren eragina nahiko txikia izan zen, eta printzipioz, ez zirudien istripua errepikatuko zenik. Badaezpada ere, segituan ekin zioten lanari bertakoek, menditik lurra kenduz eta lehen aipaturiko horma ezarriz. Hilabete batzuren ondoren, berriz irekitzea lortu zuten.

Hala ere, 2015eko otsailean, berriro gertatu zen ezbeharra, eta euriteak, luizia eraginez, lehendik ezarritako horma bota zuen. Orduko hartan, larriagoa izan zen istripua eta kalte handiak eragin zituen. Horren ondorengo konponketa lanak, aurrekoak baino handiagoak izan ziren. «Autopistetan ezartzen diren torloju handi batzuk ezarri dira, eta 24 metrotako sakonerara arte sartzera heldu gara».

Izan ere, harria oso barruan zegoen, eta lurrak euriaren ondorioz sortutako mugimenduagatik, hormak hobeto heltzeko balio izan dute torloju horiek. «Orain seguru gaude, eta ez dugu ezeren beldurrik». Horrez gain, mendiari behealdean pisua kendu zaio. «Konponketa lanak oso garrantzitsuak izan dira, eta ingenieritza-lan handia dago atzetik», gehitu du Berastegik.

BEZEROEN ZORION MEZUAK

Bisitari aldetik, lehen, gasolindegiak erabiltzaile asko izaten zituen, batez ere, kamioi gidariak joaten ziren, eta salmenten emaitzak ere oso onak ziren. 24 orduko zerbitzua eskaintzeak, bisitari gehiago erakartzea ahalbidetzen zuen. Orain, berriz, erabilera urriagoa du, izan ere, gaur egun, gauetan ez da horrenbeste gidari ibiltzen errepidean. «Esan beharra dago, hau errepideko gasolindegi bat dela, eta ez herrikoa; eta ireki dugunetik hilabete bat besterik ez dela igaro. Gainera, orain arteko tendentziak eta emaitzak oso onak izaten ari dira, eta beraz, ikusiko da zer getatzen den aurrerantzean».

Egia da, azken lau urteetako bisitari kopurua jaitsi egin dela, baina hori ez da ezbeharrengatik izan, Berastegik behintzat ez du hori pentsatzen. «Egon liteke bakarren bat, seguru egongo dela, baina orokorrean ez dut uste».

Kontua da, lehen aipatutako kamioilari horiek, bertan aurrera eta atzera ibili beharrean, Irun edota Behobia aldera, joaten direla. «Gaur egun, N-1 errepidean dabiltzan kamioi gidari kopurua asko jaitsi da, nahiz eta zerbitzua mantentzen dugun, horretarako gauetan lanean ariko diren bi langile ditugu».

Berastegiren esanetan, Tolosa inguruko jende asko hurbiltzen da autoz, eta horiek lehendik mantendu egiten dira. «Asko, zorion mezuak ematera ere etortzen zaizkigu. Ikusten da, bi urte igaro ondoren ere, berriz ere eguneroko normaltasunera itzultzen ari garela, eta alde horretatik, oso pozik gaude».

Gasolindegi berri honetaz hainbat gauza espero ditu Berastegik: lehenik eta behin, langile kopurua handitzea, areagotzea, «egunen batean, ez 12, ez 15, baizik eta 20 langile edukitzera heldu nahi dut»; bestetik, ahalik eta bezero gehien jasotzea, «beraiei esker gaudelako gauden tokian»; eta azkenik, ahalik eta zerbitzu onena eta zabalena eskaintzen saiatzea, «jende gehiagorengana heltzeko asmoz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!