Maite Ruiz de Eguilaz Tolosako Udaleko Berdintasun zinegotzia, Garikoitz Murua eta Sol Busca GKO Galeryko zuzendaria eta komunikazio taldeko kideek aurkeztu dute egitaraua Aranburu jauregian egindako prentsaurrekoan.
Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, "Emakumeen Nazioarteko Eguna egunero borrokatzen duten emakume guztiak omentzeko ezarri zuten egutegian". Era berean, nabarmendu du orain arte "erdietsitako lorpen eta aurrerapenak ospatzeko" eguna ere badela eta aldarrikapen eguntzat ere jo du: "Urras asko ematea lortu dugun arren, oraindik bide luzea geratzen zaigu egiteko".
Zentzu horretan, "konpromisoz betetako" eguna dela adierazi du: "Martxoaren 8ak ematen dituen aukera paregabeak egunero errealitate bihurtzeko ahaleginean jardungo dugu", azpimarratu du.
Ilustratzaileen lanak, erakusketan bilduta
24 ilustratzaile emakumezkoen lanak ikusi ahal izango dira Aurrez-aurre erakusketan. Artista bakoitzak bi lore edo lore bat interpretatu edo moldatu ditu "askatasun osoz", eta irudi bakoitzaren ondoan "aldarrikapen, hausnarketa edo testuak" idatzi dituzte. "Adin ezberdinetako emakumeen lanak ikusi ahal izango dira erakusketan, bizimodu eta errealitate ezberdinen erakusleiho".
GKO Galeryko kideek adierazi dutenez, erakusketa irekia da eta nahi duten herritarrek ere bidal ditzakete lanak. Gainera, bisita gidatuak antolatu dituzte ikastetxeetako ikasleekin. Ostiral honetan irekiko dute, eta apirilaren 22ra arte egongo da zabalik.
EGITARAUA:
Martxoaren 7a, asteartea, 19:30ean: Zinegoak zine emanaldia, Hegoak elkarteak antolatuta.
Martxoaren 9a, osteguna, 19:30ean Aranburu jauregian: Emakume ekintzaileekin solasaldia. Mahaikideak: Mertxe Gordillo ama, pedagoga eta ekintzailea; Karmele Goikoetxea, Monteguiko zuzendaria eta Ana Eizaguirre Hitzez elkarteko lehendakaria. Moderatzailea: Elena Arandia
Martxoaren 10a, ostirala, 19:30ean Aranburu Jauregian: Konpasetan, bidaia intimo bat emakumeen istorioetan zehar emanaldi poetiko musikala. Garazi Kamio eta Susana Cencillok eskaintzen dute eta emakumearen bizitza eta obra errepasatuko dituzte. Ibilbidea Kuban hasten da eta Euskal Herrian amaitzen da. Eskusoinuaren laguntzarekin emakume bakoitzaren eta kantaren istorioa kontatzen dute eta ondoren emakumearen lotuta dagoen pieza eskaintzen dute. Saioak 40-50 minutu irauten du.
Ondoren. Aurrez-Aurre erakusketaren aurkezpena. Guk bizitza kolorez eta formaz azaltzen dugu lelopean. GKO-Galeryk antolatu du eta apirilaren 22ra arte egongo da zabalik. 24 emakumeen lanak aurkeztuko dira; bakoitzak bi lan aurkeztuko ditu eta ondoren azalpen, aldarrikapen edo hausnarketa bat jarriko dute irudi horren ondoan.
Martxoaren 11a, larunbata, 11:00-14:00, Trianguloan. Woman Sarearen aurkezpena. Karpa bat jarriko dute eta azken teknologia, eskultura eta pinturari buruzko tailerrak antolatuko dituzte, besteak beste. Woman Sarearen abestia eta Arantza Ibarrak egindako komikia aurkeztuko dute eta zozketa bat ere egingo dute.