Ideia zaparradak gogaikarri suertatu daitezke, sarri, gauza beraren inguruan bueltaka ibiltzeagatik. Beste askotan, ordea, erabakiak hartzeko modu eraginkorrena dira, eta zalantzarik ez da: Tolosako inauterietan ezinbesteko tresna, mozorroak erabakitzeko. Bada, Dragturnotik Tolosara karrozako kideek ideia zaparrada biribila egin dute aurten, irabazi zezaketen guztia irabazi baitute, sexu askatasunari dei eginez.
Beste planetaren batetik ekarritako jantziak irudikatuz, LGTBI harrotasunaren martxa gogora zekarren Dragturnotik Tolosara karrozako kideek, eta baita berariaz sortutako pertsonaiek ere. Azken hilabeteotan 40 lagunetik gora aritu dira lanean, eta sekula jaso gabeko garaikurra irabazi dute aurten: karrozen lehen saria eta, horrekin batera, talde berdinzaleenaren saria.
Topic zentroak estreinakoz hartu du karroza eta konpartsen sari banaketa, aretoko aulkiek irabazleen koloreekin bat egin nahiko balute bezala eta, ohiko garaikurraz gain, Pablo Dendaluzek prestatutako ikus-entzunezko bat banatu diete irabazle guztiei.
Izan ere, Dragturnotik Tolosara karrozarekin batera, honakoak izan dira gainerako irabazleak:
- A taldeko konpartsen lehen saria: Pradako Agatak.
- B taldeko konpartsen lehen saria: Hugo eta Peio: Zaldiko Maldikoa.
- C taldeko konpartsen lehen saria: Iñautesesions.
- D taldeko konpartsen lehen saria: Paketini anaiak.
Ohiko sariez gainera, epaimahaiak aipamen berezia egin nahi izan dio Mariano Pela Rajoi: kirolari peto-petoa taldeari ere. Zalantzarik gabe, haiena izan da, aurtengo inauterietan, gehien zabaldu den irudia.
Aurtengo epaimahaia Nuria Carbonell kultura eta festa zinegotziak, Jokin Monfort udaleko jai koordinatzaileak, Mertxe Fernandez Berdintasun Saileko teknikariak eta karroza eta konpartsetako bost ordezkarik osatu dute.