Piñata igandea 2017

Ase ez denaren oasi txikia, igandean

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko martxoaren 3a

2015eko Piñata igandea da irudikoa.

Piñata igandeak behin betiko amaiera emango die 2017ko inauteriei; txarangak eta zezenak izango dira nagusi

Balorazio, oroitzapen eta errepaso egunek hartu ohi dute Tolosa, inauteriaren kaosak utzitako lasaitasun egunetan. Asteazkenetik larunbaterako arnasaldiaren ondoren, ordea, oasi txiki bat irekitzen da, igandean, aurreko sei festa egunek ase ez dutenentzat: Piñata igandea.

Garai bateko jendetzarik hartzen ez duen arren, Zaldunita osteko igandea ezinbesteko hitzordu izaten da, oraindik ere, tolosar askorentzat. Horrela, aurten ere ez da txaranga doinurik falta izango.

Batetik, Poca Tripa txarangak urteroko bisita egingo du Iurreamendi egoitzara, inauteri doinuz, 16:30ean. Ordu berean, gainera, zezen plazan zezen festa izango da, eta Kalean txarangak izango du 2017ko azken zezen festa girotzeko ardura.

Behin bi hitzorduak biribilduta, inauterizale nostalgikoenek aukera aparta izango dute, besotik heldu eta txarangen atzetik saltoka ibiltzeko, azken astean bezala, kalejira izango baita Tolosako kaleetan barrena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!