Gailurra eta Gailurra neguan saioen ondotik iritsi da, Euskal Telebistako Gailurra Extreme. Izenak berak erakusten duen moduan, programa berrian mendiaz gozatzeko modu muturrekoago bat islatzen ari dira, eta Tolosa ere izango da horren lekuko: bihar bertan grabatuko dute saio bat.
Irati Anda eta Ibon Gaztañazpi aurkezleek Tolosaldeko bi tontor igoko dituzte, lasterketa moduan, baina ibilbidea amaitzea ez da lan bakarra izango: Uxoa Irigoien eta Aitziber Ibarbia mendi lasterketen Euskal Selekzioko korrikalari profesionalei apustua egingo diete, eta aurkezleen helburua izango da erronka irabaztea.
Lasterketari goizean goiz ekingo diote, 08:30ean irtengo baitira Tolosako Trianguloa plazatik. Bi tontorrak igo eta 20 bat kilometro egin eta gero, berriz, korrikalariak 12:30ak aldera iritsiko dira Triangulora.
Horrela, telebista saioko arduradunek tolosarrei eta eskualdeko herritarrei dei egin nahi izan diete, irteeran nahiz helmugan parte hartzera. Musika eta festa giroarekin batera, korrikalariak animatzea izango da ikusleen egitekoa.