Tolosaldeko hiru pilotari Ogi Berri Migel Soroaren finaletan

Ataria 2017ko martxoaren 2a

Izen handiko pilotariak iritsi ohi dira Ogi Berri Migel Soroaren finalera

Tolosako Beotibar pilotalekuan esku pilota partida erakargarriak jokatuko dira larunbatean, 16:30etik aurrera. Txapelketa jokatu den hiru mailatan txapelaren lehiak izango dira.

Jubenilen partidarekin hasiko dira finalak. Sein-Etxeberria oiartzuarrak Mata-Cordon nafarrak izango dituzte aurrean.

Etorkizuneko pilotarien mailan, eskualdeko lehen ordezkariak jokatuko du: Ioritz Egigurenek. Tolosarrak Pedro Ruiz errioxarrarekin osatu du bikotea txapelketa honetan, eta maila handia erakutsiz iritsi dira finalera. Finalerdietan, adibidez, Salaberria bezalako pilotari bat aurrean izan arren, partida irabaztea lortu zuten. Pedro Ruiz atzelaria maisu da maila honetan, eta Egigurenek ederki lagundu dio. Aurkariak, ordea, ez dira nolanahikoak izango: Pello Etxeberria eta Aranguren. Bikote oso indartsua eta final handi bat ikusteko osagai ezinbestekoa.

Nagusien mailan Albizturko bikote bat iritsi da finalera: Eneko Labaka eta Telletxea. Gazteak izan arren oraindik, pilota munduan beteranoak dira bi pilotari hauek. Bikote oso osoa osatzen dute, eta txapela irabazteko badute nahiko joko. Aurrean Prado eta Arratibel izango dituzte, errioxarra eta ataundarra. Azken hau joko bolada izugarrian dago, eta finalerdietan erakustaldia eskaini zuen. Iazko finala Asteasuko Urbietarekin jokatu zuen Arratibelek, eta finaleko pilotaririk onena izan zen nahiz eta sari hori Urbietari eman antolatzaileek. Afizionatuen maila txiki geratu zaion pilotaria da Arratibel, eta beste behin, Tolosan bere jokoaz gozatzeko aukera izango da larunbatean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!