Giro bikaina eta parte hartze handia nagusi aurtengo inauterietan

Eguraldi onak, herritar nahiz bisitarien inauteri gogoak eta batez ere, ekintza ezberdinen lanketan, elkarte, eragile, talde eta banakoen parte hartze altuak eta inplikazioak izan duten eragin bikaina nabarmendu du Tolosako Udalak.

Ikusgarritasuna, umore ona, festa giroa, imajinazioa... adjektibo hauek askotan erabili ohi ditugu Tolosako inauteriak izendatzeko, eta beste behin motz geratuko dira. Horregatik, Udalak tolosar guztiei eskerrak eman nahi dizkie egindako lanagatik eta urtero jartzen duten ilusioagatik.

Aurtengo inauterien hasiera benetan berezia izan zen Mari Cruz Iribarren Inauterizale Kuttunaren izendapenarekin batera, berak jaurtitako txupinazoarekin. Eta berezia ere, Juanito Lopek, gure artean ez egonagatik ere, izan duen presentzia.

90 salaketa

«Istiluei dagokienez, aurtengo inauteriak lasaiak izan dira, ez baita gertakari berezirik jazo». Gogora ekarri nahi dute ordea, inauterien atarian, Kalderero egunean, gertatutako sexu erasoa, Tolosako Udalak jada irmoki gaitzetsi zuena. Hala ere, badira nabarmentzeko gertakari gehiago. Izan ere, Udaltzaingoak 90 salaketa jaso ditu, guztiak ere dokumentazio, mugikor eta karteren lapurreta edota galerengatik.

Gazteak eta kontsumoa

Gazteei alkoholaren kontsumoak dituen arriskuez ohartarazteko asmoz, udalak lanketa berezi bat egin du inauteri hauetan. Hala, Gipuzkoako ikastetxeetako ikasle eta guraso guztiei gutun bat helarazi zaie, non Astelenitan sortzen den egoeraren inguruan berri eman eta aktuazio irizpide lagungarri batzuk eskaini zaizkien.

«Hartutako neurriek bere fruitua eman dute, eta ondorioz, zezen plaza inguruan gazte-pilaketarik ez da izan», nabarmendu dute. Horretarako, Ai Laket-eko teknikariek eta Inmakulada ikastetxeko ikasleek Astelenitan egindako eskuhartzea ere positiboki baloratu du udalak.

Zarata

Musikaren bolumenarekiko udalak hainbat neurri hartzen ditu urtero, batez ere txarangen pasabidean karrozen musikaren bolumena jaisteko egindako lanketa berezia izan da aurtengoan.

Hala ere, emaitzak ez du guztiz asebete udala, eta eragileekin batera jaien balorazioa egiterakoan mahai gainean jarriko du gaia, datorren urteari begira neurri zehatzak hartze aldera.

Kaleak garbi

Kale garbiketari dagokionez, berriz, 546.000 litro ur erabili dira kaleak garbitzeko; eta desinfektanteari dagokionez, aldiz, 500 litro erabili behar izan dituzte. «Guztira, 171 metro kubiko hondakin jaso da», gaineratu dute udaletik. Kale garbiketan aritu diren 52 langileen lana azpimarratu du udalak, baita lantaldearekiko herritarrek izan duten kolaborazio eta begirunea ere.

Trafikoa, normaltasunez

Garraio publikoaren erabilpena nahiko zabala izan da. Gauzak horrela, trena eta autobusa izan dira inauterietan gehien erabili diren garraioak. Baina izan da autoz etorri denik ere, eta horiek, zenbait gunetan ezarritako aparkalekuak erabiltzeko aukera izan dute. Inauterien aurretik aukeratutako trafiko laguntzaileak ere bikain aritu dira beraien zereginetan, eta udalak guztiek egindako lana eskertu nahi du mezu bitartez.

Balorazio ofizialaren zain

Nahiz eta inauteriak amaitu , eta udaletxeko kideek beraien balorazioa egin, oraindik ere, inauterietan parte hartu duten beste hainbat eragilerekin biltzekoak dira, hilaren 13an, 19:30ean hasita, kultur etxean egingo duten biltzarrean. Azkenik, Tolosako Udalak, inauterietan era batera edo bestera, lanean ibili diren guztiei eskerrak eman nahi dizkie: «Zerbitzu asko izan ditugu, eta hori eskertzekoa da».

Urtebete baino gutxiago geratzen da datozen inauterietarako. 2018koak aurtengoak baino are goiztiarragoak izango dira, eta atzera kontaketa hasi da dagoeneko. 342 egun besterik ez dira geratzen datorren Ostegun Gizen egunean suziria jaurtitzeko. Ordura arte, itxarotea besterik ez da geratzen. Ea aurtengoak bezain onak izaten diren!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!