Bizi, sentitu eta kontatu

Naiara Roldan de Aranguiz 2017ko martxoaren 1a

'Tolosaldeko Ataria' inauteriak festa barru-barrutik bizi izan ditu egun hauetan guztietan. Kontatu beharrekoa bizi eta sentitu ostean irakurleengana iristea izan da bere egitekoa inauterietan.

Hauster egun tristea iritsi da Tolosara, zerua eta aurpegiak lainotu dira, aurreko kolore eztandaren ajearen seinale. Hurrengo urteko inauterien esperoan dagoenik bada, baina bada aurretik egin beharreko lan bat: aurtengo inauterien errepasoa, alegia.

TOLOSALDEKO ATARIA-k hilabetez baino gehiago atzera fokatu beharko du begirada. Izan ere, Inauteriak ofizialki Ostegun Gizeneko txupinazoarekin lehertu baziren ere, giroa berotu eta mozorro festaren kontaketa egin ahal izateko aurretik egin behar izan du lanketa komunikabideak.

EGUNEROKOA BERRITASUN ZIPRIZTIN TANTEKIN

ATARIA-ko irakurleek inauteriek eztanda egin zutenetik egunero jaso dute zortzi orrikoa etxean eta gaur, atzera begiratzeko egunean, hamasei orriko berezia. Aurretik, astekari monografikoa ere kaleratu zen, 'ataria.eus' uneoro elikatua izan da eta irratiak presentzia berezia izan du San Frantzisko pasealekuan, hiru zuzeneko saio berezi eskainiz.

Berritasunen artean, Photocall-a, zine izarren pare mozorroek ATARIA-ko kameren aurrean poseak egin dituzte, jokoan urte bateko harpidetza eta afaria Fronton jatetxean. Baina ez da indarrean dagoen lehiaketa bakarra: inauterietako argazkiak igo daitezke jada ataria.eus-era, argazki lehiaketara, jokoan landetxe batean egonaldia eta Bidegoxo jatetxean lau pertsonarentzako otordua. Bada beraz egun triste eta gris honetan, kameren argazki artxiboetan murgiltzeko egun honetan, egin beharreko beste lan bat: egun hauetako argazki onenak ATARIA-ko webgunera igotzea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!