Ramontxo Garmendia (Ibarra, 1976) eta Ion Garmendia (Ibarra, 1979) anaiak «Tolosan super ondo» zeuden atzo familiarekin. Tolosako Inauterietako azken eguneko eguralditik babesa Zerkausian bilatu zuten, bazkalorduan.
Inautariak hitz gutxitan nola deskribatu?
Ion Garmendia: Festa, parranda eta lana.
Ramontxo Garmendia: Lana. Niretzako lana. Andrea egun osoan lanen dago, beraz, ni bi umeekin. Parranda izena dauka, baina parranda izenean guk lana egiten dugu. Tope! Mareatuta ibiltzen gara, nahiz eta Kas laranja edan.
Egunik onenak?
I. G.: Osteguna, igandea eta astearte goiza. Aurrenekoa edo hasiera delako; kuadrillakoekin mozorrotuta ateratzen garelako, eta astearte goiza Alboradagatik.
R. G.: Asteartea. Azkeneko eguna delako eta asteazkenerako, normaltasunera itzultzeko, egun bakarra falta delako.
Alborada zergatik?
I. G.: Txistua jotzera joaten garelako, eta giro polita egoten delako. Hor elkartzen dira, alde batetik, gaupasaz dagoen jendea, eta oraindik parrandan segitzeko gogoarekin dagoena, eta bestetik, goizean jaiki eta Alborada ikustera joaten den betiko jendea. Giro polita sortzen da.
Estimatzen al dute zuen lana?
I. G.: Batzuk estimatzen dute, horretara joaten direnek. Beste batzuek berriz, gaupasaz daudenek, adarra pixka bat jotzeko estimatzen dute.
Anai zaharrenak Asteartita esan du. Bukatzeko gogoz, beraz.
R. G.: Ni jada nahiko zaharra naiz, eta nahiko arduratsua gainera. Gure umeekin badakizu, 2.000 begirekin ibili behar izaten dugu, eta ez dago besterik. Pazientzia!
Zer azpimarratuko zenuke aurtengo Inauterietatik?
R. G.: Eguraldi ederra egin duela, aspaldiko partez. Oso gustura ibili gara, egunero, ederki. Parrandan, dantzan, txarangekin, bazkarietan... ondo, bikain. Azken egunean lanbroa egin du egun osoan; baina festa bukatzeko ondo.
Zuk zer esan nahi duzu?
Maier: Inauteriak ondo daudela, baina gero Ikastola datorrela, eta horrek nagikeria pixka bat ematen du.
Eta zuek?
Laida: Inauteriak oso ondo daudela, baina azkar bukatzen direla.
Haizea: Eta bukatzean pena ematen duela.
Laida: Eta niri gehien Ostegun Gizena gustatzen zaidala.
Haizea: Txerria ateratzen delako.
Laida: Sukaldariz jantzi ginelako.
Haizea: Eta buruhandiz atera ginelako.
Mozorroak. Hobe zuk azaltzea zurea.
I. G.: Asteartean beti guardia zibilez joaten naiz, 10 urte izango direla hasi nintzela Alborada horrela joaten.
Zure ametsetako lana, noski.
I. G.: Hasiera batean egin nuen guardia zibil bezala lana, baina kaleratu egin ninduten. Hori bai, uniformea ez nuen itzuli. Eskatu ere ez zidaten egin, beraz, tarteka erabiltzen dut.
Zure mozorroak inauteri hauetan?
R. G.: Batman; super heroia. Gu urte osoan super heroiak izaten gara, gainera. Gero lehoia eta Obelix. Gure seme-alaben gerra jasaten ederki pasa dugu: zintzo eta gustura.
Zure gustuko mozorroa?
Maier: Mariano Raxoi.
Aitatxoren laguna, ezta?
Maier: Ez!
I. G.: Kasu ere ez genion egin; ezetz?