Gizonezko bat atxilotu dute gazte bati edalontzi batekin jotzeagatik

Ataria 2017ko otsailaren 28a

Segurtasun sailak jakinarazi duenez, gaur goizean 21 urteko gizonezko bat atxilotu dute Tolosan, lesio-delitu baten ustezko egilea delakoan. Ustez goizaldean beste gazte bat kolpatu du edalontzi batekin.

Ertzaintzak goizean San Frantzisko pasealekuko taberna batetik deia jaso du. Esandakoaren arabera, borrokaldi bat izan da bertan eta ondorioz, gizonezko bat zauritu dute. Herritarren segurtasunerako patruila bat bertaratu da orduan eta gazte batek buruan zauria zuela ikusi dute. Jakin ahal izan dutenez, beste gizonezko batek edalontzi batekin jo du.

Osasun-zerbitzukoak ere bertaratu dira eta zauria ikusi ondoren, ospitale batera eraman dute. Liskarraren lekukoek esan diete ertzainei zein zen erasotzailea eta agenteek geldiarazi egin dute. Beharrezko egiaztapenak egin ondoren, lesio-delitu baten ustezko egilea delakoan atxilotu dute. Atxilotua polizia-dependentzietara eraman dute, bidezko tramiteak egiteko, epailearen aurrera eraman aurretik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!