Astelenita 2017

Txikienen festa

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko ots. 27a, 17:20

Aisialdi taldeen eguna izaten da Astelenitakoa. Sei dira kalera atera eta Eguberrietatik hona prestatutako dantza eta jantziak jendaurrean erakusten dituztenak. Aurtengoan ere ez dute hutsik egin eta zezen plaza ingurutik aterata San Frantzisko zeharkatu dute dantzan.

Ninja Dortokak (Txiribitu); Piratas del Caribeko pertsonaiak (Ttenttek); One Piece marrazki bizidunetako protagonistak (San Bernardo); Laskorain ikastolako pertsonaia mitikoak (Kazkabarra); Poxpolo, Mokolo eta konpainiako pertsonaiak (Kirikiño); eta baita Asterix eta Obelix-ekoak ere (Atsedena), guztiak etorri dira gaur, Tolosara, aisialdi taldeen eskutik.

Eguberrietan hasten dira guztia prestatzen. Gaia aukeratuta pertsonaiak aukeratu behar dira, koreografiak asmatu, jantziak antolatu... Egitekoa ez da erraza, nekeza ere egingo zaie agian, baina eguna iristean, Astelenitan, dena ematen dute. Gaurkoan ere San Frantziskon izan dira dantzan, eguraldia lagun, eta zezen plazatik ateratakoan ere kalejira egingo dute eguna bukatzeko.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!