Asteartita 2017

«Niretzat, inauteriekin batera ematen zaio hasiera urte berriari»

Josu Artutxa 2017ko ots. 28a, 08:39

Inauterizalea baino gehiago, txarangazale amorratua da Eneko Hartsuaga (Tolosa, 1994). Gainera, berarentzat, Ostegun Gizenarekin batera hasten da urte berria.  Karrozetako musika gorrotatzen du, eta azken urteetan lehen aldiz, gaur saxofoia alde batera utziko du.

Zer dira zuretzat inauteriak?

Ni inauteri inguruan jaiotakoa naiz. Gainera, nire ama eta nire bi arrebak, inauterizale sutsuak dira. Beraz, odolean daramadan zerbait dela esango nuke.

Nola bizi dituzu aurreko egunak?

Buruan etengabe inauterietako kontu eta doinuak izaten ditut.

Urte berria? Zer dela eta?

Nik betidanik esan izan dut, gabonak egutegitik kendu eta inauteriak beste aste batez luzatuz gero, askoz hobeto egongo ginatekela. Niretzat, inauteriekin batera ematen zaio hasiera urte berriari [barreak].

Guztia prest zenuen aurtengo inauterietarako?

Justu-justu, baina bai. Hala ere, lehengusu batek esaten duen bezala, Zaldunita bezperan mirariak egiten omen dira.

Zu, hala ere, inauterizale baino gehiago, txarangazalea zara. Betidanik?

Nik ez dut oroitzapen handirik. Baina, haurra nintzenean, eta inauterietan txaranga auzora etortzen zenean, balkoira ateratzen nintzen, eta amak beti esan izan dit, txaranga joaten zenerako, negarrez hasten nintzela. Orduan, musika eskolan izena eman, eta gero, txarangetan muturra sartzen hasi nintzen.

Beraz, txarangarik gabeko inauteririk irudikatzen al duzu?

Ez. Txarangak inauterien zati handi bat osatzen dute. Horretaz gain, azken urteetan, karrozetako musikaren bolumena asko igo da eta horrek pena handia ematen dit. Azken finean, txarangak beraiengandik ihesean ibili behar izaten dute, eta auzo bakartietara joaten dira.

Faltan botatzen duzu mozorrotzeko ohitura?

Pixka bat bai. Aurten, Asteartita arratsaldean jai hartu dut, eta txarangan irten ordez, Lizardi elkartekoekin aterako naiz mozorrotuta aspaldiko partez.

Elkarte bateko bazkide izan gabe, egunero ateratzen zara txarangaren batean jotzen. Ez zara nazkatzen?

Egia esan, elkarteetako giro hori asko gustatzen zait; bertako beteranoen anekdotak entzutea ere betidanik gustuko izan dut.

Nolakoa izaten da zure inauterietako egun bat?

Goizean goiz jeiki, eta derrigorrezko lehenengo gauza, gosaltzea, etxean edota beheko okindegian. Irten aurretik, kafe bat hartzen dut elkartean, eta goizeko dianaren ostean iristen da eguneko gauzarik onena, hamaiketakoa. Arratsaldean, zezenetara igo eta bertan jo eta gero, berriz behera, dantzaldira.

Zer da inauterietatik gehien gustatzen zaizuna?

Orokorrean, txarangetako giroa. Horien artean onena, ostegun gizen egunean sortzen dena.

Eta gutxien?

Karrozetako musika.

Gaur gainera, urteak betetzen dituzu, zorionak. Nola ospatuko duzu asteartita?

Goizean, San Esteban elkarteko txarangan irten, eta bazkaltzerako, Lizardikoekin elkartuko naiz. Bazkal ondoren, alde zaharrean buelta txiki bat emango dugu; eta amaitzeko, gauean, kontatu ezin den mozorro sorpresa bat daukagu prestatuta lagun batzuk.

Guztia amaitu ondoren, zer?

Ahal dudan moduan ibiliko naiz. Hausterre eguna nahiko gogorra izaten da, eta ordutik aurrera, lanera buelta egin beharko dut, urte berriari hasiera ona emateko.

Motzean:

Egun bat? Ostegun Gizena.
Mozorro bat? Haurra nintzela, Udaltzaingoz atera nintzenekoa.
Doinu bat? Itun-txulo.
Une bat? Igande gauean, Korreo kalean, Paquito el chocolatero jotzen denean.
Anekdota bat? Asteartita batez, ardo goxoa probatu nuenekoa; nahiko pozik amaitu nuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!