Zaldunita 2017

Pijamen iraultzak hartu du Tolosa

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko otsailaren 26a

08:00etan hasi da, inauteria, bigarrenez, Dianan; Alde Zaharra kalez kale zeharkatuko du bandak, ehunka herritarrekin.

Tolosako inauteriak eraldatu eta garai berrietara egokitzea polita da: belaunaldi berriek festaren lekukoa hartzen dutenaren seinale. Erromantikoenen begietan, ordea, ez da gauza ederragorik, aurreko belaunaldiek ekindako ohitura oraindik ere dantzatu ahal izatea. Horietako hitzordu bat da Diana: hitzordu tolosarrenetako bat.

Gorriti plazan, 08:00etan, pijama jantzita. Itxuraldatzearen atarian egunari ekiteko, ez da besterik behar. Edo bai: pijamaz gain, inauteriaz maiteminduta baitaude "jeki, jeiki!" abestuz lotsaz ahazten diren herritarrak.

Eta eskerrak hala den, salto bezainbeste irribarre izoztu baitaitezke Dianan, kamera baten objektibotik. Balkoietara begiratzen dute batzuek, urtero leihoan zain izaten den senideari begira. Beste hainbat, jada beren besotik helduta ez dagoen inauterizale harekin oroituko dira, akaso. Ziur, norbaiti aurreko ilarakoak Dianarako osatu duen mozorroak egingo diola grazia. Eta, inauteriak pixkana deskubritzen ari diren haurrak, berriz, nagitik dantzara pasako dira segundo bakarrean.

Inauteriak beti alatzen omen du tolosarra, eta pijamen iraultzak bide emango dio musikaren, hotsaren, zarataren eta festak bizitzeko modu guztien plazari, urteko egun ederrenen maskarapean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!