Ostegun Gizeneko jende uholdeak utzitako zikinkeria guztia garbitzeko ardura zuen lantaldeko bi kide dira Arkaitz Beldarrain eta Jose Mari Simon. Atzo goizean topatu zituen Atariak Euskal Herria plazan. Jo eta su ari ziren lanean. Mozorrotzeko egunetan pilatzen dela zikinkeria gehien diote.
Jendeak zikintzen duena garbitzen aritzen zarete. Zikinagoak al gara inauterietan?
Arkaitz Beldarrain.Urte guztian aritzen gara lanean. Ostegun Gizenean txupinazoaren aurretik eta atzetik ibili ginen garbitzen eta gaur (Ostiral Mehea) ere hemen gaude. Uste baino gutxiago bildu dugu.
Eta nola topatu zenituzten kaleak txupinazoa eta gero?
Jose Mari Simon. Nahiko lasai zegoen dena. Zaborra pilatu zen noski, baina ez zen horrenbestekoa izan. Orain ari gara gehiago biltzen, gauean gehiago pilatu baita, baina ez da horrenbestekoa ere.
A. B. Egunik okerrenak orain datoz. Astelenita izaten da okerrena. Zaldunitan karrozek eta asko zikintzen dute eta tabernetatik ateratzen diren edalontziekin eta asko zikintzen dira kaleak.
Goiz-goiz esnatuta egongo zarete dena txukun uzteko.
A. B. Lauretan esnatuta gaude. Denak esnatzen direnerako garbi utzi behar dugu guztia.
Amorrazioa ere sentituko duzue, jendeak gauzak lurrera botatzen dituenean?
A. B. Ematen du bai. Inauterietan ohikoagoa izaten da gainera. Baina ezin dugu ezer esan... horretarako gaudela erantzuten digute eta.
Tolosarrak inauterietan zikinagoak al dira?
A. B. Zikinenak kanpokoak izaten dira. Hona etorri eta dena lurrera botatzen dute, ez denez beraien herria... Tolosarrak txukunago ibiltzen dira. Baina denetarik dago, noski.
Lan gogorra al duzue?
A. B. Inauterietan gogorragoa da, zikinkeria gehiago pilatzen da, kalean mozkorren bat etorri eta brometan hasten zaigu... baina gainontzean nahiko lan eroso da.