Zaldunita 2017

[Egunerokoa] Hobe Ostiral Mehe Ostegun Gizen baino

Egoitz Garmendia 2017ko otsailaren 26a

Ostegun Gizena heldu da, eta urtero bezala festa lehertu da Tolosako kaleetan. Txarangak, jana, edana,... dena prest dago astebetez giro bikaina sortzeko. Hala ere, inauteriak osteguna baino askoz lehenago hasten dira: mozorroa pentsatu, karroza egin, txosnak montatu,... gustura egiten dugun lana.

Egun hauetan zehar, festaz gozatzeaz gain, ezin ditugu alde batera utzi aldarrikapenak eta borroka. Horren adibide dugu txupinazioan gero eta aldarri gehiago aurkitzea: gazteak, animalistak, feministak,... ez dezatela esan herri hau geldirik dagoenik!

Ostegun gaua amaitu da, askok disfrutatu dezaten batzuk lanean igaro dutena. Goizean goiz garbiketa brigadak agertu dira, eta hurrengo egunerako dena txukun-txukun utzi dute; ikusten ez dugun arren oso azpimarragarria den lana.

Ostirala, aurreko eguneko goraldiaren ondoren lasaitasun eguna. Txosnagunean eskualdeko taldeen kontzertuak, belaunaldi berri eta zaharren konbinazio ederra. Tabernak beteta baina lasai egoteko aukera. Hau jakinda askok atera ohi duten ondorioa: hobe Ostiral Mehe Ostegun Gizen baino.

Hala ere, zoritxarrez, guztiok ez dugu aukera festaz gozatzeko, barroteen artean ez baitago ez txarangarik, ezta jai girorik ere. Paretetan, zezenetan, txosnetan... ez ditugu ahazten ziegetan ditugun lagun guztiak. Ostiral Mehean, batzuk txarangaren zain gauden bitartean, beste batzuk ostiralero bezala milaka kilometrotako bidaia egingo dute Tolosako kaleetako beroa maite ditugun pertsonei gerturatzeko asmoarekin!

Egoitz Garmendia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!