Jon Telleriak (Tolosa, 1990) bost urte daramatza Münsterren (Alemania) lanean, eta hiru inauteritan huts egin du. Urruntasunak eta tartean dauden kilometroek ez omen diote sufrimenua arindu izan, eta aurten ere moldatu da lur haietatik bere jaioterrira bidaiatu, eta odolean daramatzan jaiak bere ingurukoekin ospatzeko.
Zein da inauteriez duzun lehen oroitzapena?
Ez naiz oso memoria onekoa, baina oroitzapen asko ditut, batez ere haurtzarokoak. Aita eta hiru anaiok urtero ateratzen ginen mozorrotuta eta, adibidez, oso gogoan dut hiru anaiok hiru txerritxoz eta aita txerramaz mozorrotu zenekoa.
Ordutik hona aldatu al dira Tolosako inauteriak?
Beren xarma mantentzen dute. Hala ere, ukaezina da belaualdiz belaunaldi festak aldatu egiten direla. Akaso, gaur egun, inauterietako mozorroa erosi egiten da gehiago.
Zuk nahiago al duzu, etxeko trapuekin moldatutakoa?
Dudarik gabe. Amari zerbait kendu, aitari beste zerbait, anaiari ere bai eta baita lehengusuari ere.
Etorri ez zaren urteetan, urruntasunak sufrimendua arindu al dizu?
Ez, ez, ez, sufritu egin dut. Hemengo inauteri batzuk ere ezagutu ditut, Koloniakoak eta beste herri txiki batzuetakoak, eta ez dira gauza bera. Gaur egun, gainera, Whatsapparekin-eta, lagunak argazkiak bidaltzen dituzte, eta ez da batere ondo pasatzen!
Nola moldatzen zara inauterietan jai hartzeko?
Urteko egutegia ematen digutenean begiratzen dudan lehenengo gauza horixe izanten da: ea inauteriak noiz egokitzen diren. Gero, horren arabera, nagusiekin negoziatzen saiatzen naiz.
Azaltzen al diezu alemaniarrei, zer diren Tolosako inauteriak?
Azaltzen diet, baina, beraiek Kolonia gora eta Kolonia behera hasten zaizki. Nik esaten diet, bietan izan naizela, eta Tolosakoak askoz ere nahiago ditudala. Barre egiten didate!
Han, nola ospatzen dituzte?
Koloniakoak inauteri handiak dira, hiriburua bera bezala, baina egun bakarreko festa izaten dute han, ez Tolosan bezala, ostegunean hasi, eta ia asteazken goizera bitarte!
Aurten lortu duzu Tolosan izatea. Gogotsu?
Bai, bai. Iaz ez nuen aukerarik izan, eta aurten gogoa bikoitza da. Ostegunetik astelehenera bitarte, denbora izango dut lagunekin eta familiarekin gozatzeko, eta festa giroan ibiltzeko.
Nolakoa izaten da zure egun bat, Tolosako inauterietan?
Tolosar gehienok bezala, intentsitate handiz bizitzen ditut, bai inauterietako egun horiek, eta baita aurrekoak ere. Gogoan dut 2008. urtean gertatutakoa. Orduan Donostian nenbilen ikasten, eta Ostegun Gizenean eta Ostiral Mehean klasea izaten genuen. Ez dago esan beharrik, ostiralean ez nintzela azaldu, baina ostegunean han egon nintzen, gogoz kontra, irakasleari arreta jarriz-edo. 12:00ak zirela konturatu nintzen, eta sekulako egonezinarekin nengoenez, mahaian kolpe bat jo, eta zera oihukatu nuen: «Gora Tolosako inauteriak!».
Inauterietan, txarangak ere aipatu behar. Zale amorratu horietakoa zara, ala kontrakoa?
Bai, bai, txarangak topera gozatzeko ederrak dira! Inauteriek, bai ala bai, txarangak behar dituzte. Gainera, unerik onena Diana izaten da, igande goizean, hortxe hasten baitira inauteriak, benetako forma hartzen. Tolosar guztiok urte osoan itxarondako unea da.
Zerbait inportatuko al zenuke Alemaniatik, Tolosako inauterietarako?
Zerbait ekartzekotan, garagardoa ekarriko nuke, beste ezer ez zaie falta-eta Tolosako inauteriei.
Eta, alderantziz, hemendik zerbait eramango zenuke?
Ez, toki bakoitzeko inauteriak toki bakoitzeko erara gozatzea da onena. Nik Tolosakoak maite ditudan arren, alemaniarrek ere ederki pasatzen dute beren inauterietan.
Zein da zure plan perfektua, inauteriak gozatzeko?
Denetik egitea. Goizean goiz kalera atera, soka-muturra ikusi, kalejiretan ibili, txistorra jan, edan,... Eta gauean ere ibili beharko dugu, tolosarrak zaintzen, ea zein giro dagoen.
MOTZEAN
Egun bat. Osteguna.
Eguna ala gaua? Biak dira garrantzitsuak, ezingo nuke aukeratu.
Kantu gogokoena. Diana, oilo-ipurdia jartzen duen horietakoa.