Ostegun Gizena 2017

«Errepresioari autodefentsa bidez erantzungo diogu»

Ataria 2017ko otsailaren 23a

Gazteak kalean, muntaia polizialik ez! lelopean, manifestazioa egin dute ostegun gizenean. 200 pertsona inguru bildu dira antolatzaileen esanetan, eta azken urteetan Tolosako gazten mugimenduak "jasan duen errepresioa" salatu dute. 

Txosnagunetik abiatu dira manifestariak 18:30ak inguruan, eta Tolosako alde zaharreko kaleak igaro dituzte. Tolosako gazte mugimenduaren eta Ezpala gaztetxearen aldeko oihuak egin dituzte ibilbidean zehar, eta txosnagunean amaitu dute manifestazioa.

Bertan, bi bertso kantatu dituzte gazte mugimenduko bi kidek, eta ondoren, Gazteak Kalean plataformako bik hitz egin dute. "Azken bi urteetan Tolosako gazte mugimenduak izan dituen errepresio kasuak" zerrendatu dituzte lehenengo. Plataformako kideek adierazi dute "sistemak beharrezkoa duela errepresioa bizirauteko eta bizitzako esparru guztietan eragiten duela". 

Eraso horien aurrean, "egoera iraultzen jarraitu eta autodefentsa martxan" jarriko dutela azpimarratu dute. Hori horrela, martxoaren 11n Iruñean egingo den manifestazio nazionalean parte hartzeko deia egin dute: "Azken urteetan, Tolosan bezala, Euskal Herri osoan errepresioa jasan duten herri mugimendu ezberdinekin errepresioari autodefentsa bidez erantzungo diogu", adierazi dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!