Ostegun Gizena 2017

Kaleak hartu dituzte eraso sexisten aurka

Ataria 2017ko otsailaren 23a

Eskualdeko emakume taldeek deituta, manifestazioa egin dute ostegun iluntzean Tolosako kaleetan. 

Eraso sexisten eta arrazisten aurka, kaleak hartu lelopean, hainbat herritarrek hartu dute parte manifestazioan. Aurretik, beltzez jantzitako emakumeak, aurpegia estalita, eta mezu ezberdinak eskuan zituztela: "Kaleak eta gauak gureak dira", "Nekane Libre" edota "Eraso sexisten aurrean, autodefentsa feminista". 

Triangulo plazatik abiatu dira eta Korreo kaletik barrena, Gorriti plazan egin dute lehen geldialdia. 'Bikutz' tabernaren aurrean, "Arrazistak kanpora" oihulatu dute eta salatu dute orain gutxi "marrokiar bat kanporatu zutela taberna horretatik, herrialde horretakoa izate hutsagatik".

Emakumeen plazan eta alde zaharrean geldiak egin dituzte, eta batukada feministaren doinuekin batera, oihuka aritu dira manifestariak. Txosnagunean amaitu dute manifestazioa, eta eskualdeko emakume taldeetako hainbat kide igo dira oholtzara, eta horietako bik hartu dute hitza: "Indarkeria matxisten kasuak ez dira isolatuak, pribatuak edo kontu pertsonalak, erabat sozialak eta politikoak dira; gizarte-antolaketa bermatzeko bideratutakoak", nabarmendu dute. 

Nazkatuta daudela azpimarratu dute: "Nazkatuta zuen piropoez, nazkatuta zuen babosokeriez, jarrera paternalistez, objektu gisa erabiliak izateaz, nazkatuta atzeko planoan egoteaz, nazkatuta desira duguna debekua izateaz, eta nazkatuak biharamunean ohetik jaiki eta emakume bat bortxatu dutela irakurtzeaz", azpimarratu dute. 

Amaitzeko, borrokan jarraituko dutela adierazi dute: "Guk tinko eutsiko diogu sistema hetero-kapitalista arrazista suntsitu artean, eta borrokan jarraituko dugu gure herrietan, kaleetan zein asanbladetan identitate berriak eraiki eta normatiboak direnak suntsitzeko". 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!