Tolosan, Alde Zaharrean bizi da eta hortaz inauteriak 24 ordutan bizi ditu. Nahiz eta bezperan parranda egin, beti jaikitzen da Zaldunita eguneko diana ikusteko. Inauterietako momentu berezietako bat da beretzat.
Zain egoten zaren horietakoa zara?
Ostegun Gizena noiz iritsiko zain egoten naiz. Egutegian apuntatuta edukitzen dut beti data.
Nondik datorkizu inauteri zaletasuna?
Txiki-txikitatik datorkit, etxetik jaso dut. Gurasoen kuadrilla oso inauterizalea izan da betidanik eta ni ere horrelakoa bihurtu naute. Gogoan daukat, nola behin Elvisez jantzita atera ginen gurasoak eta kuadrillako ume guztiak, buzo urdin argi batekin gindoazen jantzita. Oso oroitzapen polita daukat.
Aisialdi taldeetan atera izan al zara?
Aisialdi taldetan gutxi ibili naiz baina 9-10 bat urte nituenean Txinpartako txarangarekin hasi nintzen, beste bost bat lagunekin. Astelenitan ateratzen ginen eta saxofoia jotzen nuen. Musika eskolan ibiltzen ginen garai horretan eta han inauterietako piezak erakusten zizkiguten. Horiek entseatu eta txarangan ateratzen ginen. Baina dagoeneko alde batera utzita daukat. Zeinek daki, aurrerantzean agian saxofoia hartuko dugu berriz.
Zenbat denbora ematen duzue mozorroa prestatzen?
Lau kuadrilla ezberdin batu gara aurten. Gabonak aurretik bakoitzak bere ideiak bota, aukeraketa bat egin eta bozketa egiten da. Irabazlea den ideiarekin taldeak antolatzen ditugu: mozorroez, karrozaz, musikaz, janari-edariaz eta dantzaz arduratzen direnak. Norberak ahal duenean hartzen du parte.
Zein izaten da zure ardura?
Karrozaren nondik norakoak antolatzea izaten da nire ardura. Ni ez naiz oso iaioa muntaketa lanetan, baina bai pintatzen eta antolatzen. Lagunek kapataz deitzen didate, baina dena antolatu eta pauso bakoitza lotzeko norbait behar izaten da beti. Ferialekuan prestatzen dugu plataforma duela lauzpabost urtetik.
Inoiz saririk eskuratu al duzue?
Ez egia esan. Lau urteotan inoiz ez. Guk lana egiten dugu lortzeko eta ideia erakargarriak lantzen ditugu, baina ezer ez. Ea suertea daukagun aurten. Hala ere, irabazi edo ez, berdin-berdin disfrutatuko dugu.
Mozorroa ezinbesteko elementua da Tolosako inauterietan.
Baietz uste dut. Mozorroak zure eguneroko aurpegia estali edo transformatzen du. Norberak barruan daraman parranderoa ateratzeko aukera ematen dizu. Mozorroa daraman jendea dago saltsan eta gainerakoak ikusle bezala geratzen dira eta ez parte hartzaile gisa.
Ostegun Gizenean txilaba?
Urteak dira txilaba janzten ez dudala, 16 urte nituenetik-edo. Beti berdina esaten dut aurtengoan baietz, baina ez dut inoiz egiten. Ea aurten fundamentua egiten eta txilaba lortzen dugun. Urtetik urtera geroz eta jende gutxiago izaten gara Ostegun Gizenean, lanagatik eta kosta egiten zaigulako juntatzea beraz, inprobisatuagoa egiten dugu.
Zein egun nahiago duzu?
Zaila da aukeratzen. Ostegun Gizena lehen eguna da, emozio gehien dituzun eguna. Igandea ere mozorrotzen zaren lehen eguna da, baina egia esan ni asteartearekin geratuko nintzateke: azken eguna, zure kartutxo guztiak erretzeko eguna, tolosarrentzako eguna... jende gutxiago egoten da baina ingurukoa da.
Zein gomendio luzatuko zenioke sekula Tolosan inauterietan izan ez denari?
Nik esango nioke edozein mozorro janzteko, trapu zahar bat hartu eta jar dezala soinean edo zerbait buruan. Etor dadila umoretsu, ongi pasatzeko gogoarekin eta sar dadila giroan.