Asteartita batez izan zen

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ots. 23a, 09:05

75 urte bete ditu Kabi Alai elkarteko txarangak; disko bat izan da urtemuga ospatzen hasteko lehen pausoa, baina inauteri guztiak dituzte aurretik.

Zehazki, 1942. urteko Asteartitan izan zen. Kabi Alai elkarteak zortzi urte zituen jada, eta urte hartako inauteriei musika pixka bat oparitzea otu zitzaion bazkide talde bati. Esan eta egin: Kabi Alai txarangak lehen aldiz zapaldu zituen espaloi tolosarrak eta, gaur arte, haien doinuek ez dute etenik izan.

Mozorro konkreturik gabe egindako lehen irteera hark inauterizaletasuna biderkatu zien, nonbait, txarangako kideei, eta hurrengo urterako prestatu zuten, gerora Tolosako inauterietako uniformeetako mitikoetako bat bilakatu dena: alkandora txuri-urdina, txapela beltza eta borla txuria.

Urtetan Asteartita girotzen eta inauteriei merezitako agurra ematen jardun eta gero, inauteriei amaieraren mailako hasiera ematea erabaki zuen Kabi Alai txarangak, 1971n, Ostegun Gizena girotuz. Ez zuten, ordea, hamahiru urte geroagora bitarte, Ostegun Gizeneko konpartsa sortu: «1984. urtean, elkartearen 50. urteurrenarekin bat eginez, konpartsa sortu zuen elkarteak, eta Sasikoipatsu doinua jo, txupinazoa lehertu bezain laster», diote elkarteko kideek.

Kontuak horrela, udalbatza eta bordondantzari inauterizaleek 33 urte beteko dituzte, jada, umorearen jaiari umore gehiago eransten. Pregoiaren ardura ere eurena izaten baita, suziria lehertu bitarteko minutu urdurietan: aurreko 365 egunek emandako albiste edo gertakariren bat hartu, inauteri giroarekin nahastu, eta Plaza Zaharrera bertaratutakoei irribarreak marraztea izaten da beren lana; bide batez, lan erraza, Ostegun Gizen eguerdiko giroaren magiaz.

Ordea, udaletxeko balkoian pregoiaren umorea motz geratu zitzaien Kabi Alaiko kideei, eta 2011. urtean herriko talde edo norbanakoak saritzen hasi ziren, inauterietan egindako lan nabarmenagatik. Orduz geroztik, txupinazoa pizteko ohorea izan dute Eduarco Chocanok (2012), Poca Tripa txarangako sortzaileek (2013), Josetxo Guiuk eta Kanu Ortegak (2014), Joakin Izagirrek (2015) eta Gure Kaiolako kuadrillak (2016). Aurten, estreinakoz, emakume bat izango da Kabi Alai elkartearen Inauterizale Kuttuna: Mari Cruz Iribarren.

SEI EGUNETIK LAUTAN

Asteartetan hasi, ostegunetara batu, eta Tolosako inauterietako beste bi egun ere aspaldi hartuak ditu Kabi Alai txarangak.

«1992an, udalaren akordio batera iritsi eta gero, Ostiral Meheko zezen festa girotzeko ardura hartu zuen elkarteko txarangak eta, bide beretik, Zaldunita bezperako goizetan ere kalera irtetea erdietsi zuten, 2000. urtean». Modu horretan, Kabi Alai txaranga da, Tolosako inauterietako lau egunetan kalera irteten den txaranga bakarra.

75 urteko ibilbidean, inauteri baino pasadizo gehiago bildu ditu Kabi Alai txarangak eta, denborari beren zigilua jarri nahian bezala, Kabi Alai txaranga. 75. urteurrena diskoa izan da efemerideak emandako lehen alea.

Argitalpena aitzakia bikaina izan da inauterietako kantu ezagunenetako zenbaiten istorio ezezagunak plazaratzeko, eta urteek moldatutako kantuak jatorrizko partiturara bueltatzeko.

Gaur 76. inauteriak ospatzen hasiko da Kabi Alai, eta beste hainbeste inauteriri musika oparitzen jarraitzea izango da txarangaren egitekoa, 1942ko Asteartitan hasitako efemeridea, behin eta berriro ospatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!