Bere alboan bizi izandakoa da neronek daukadan inauterien baitako lehen oroitzapena. 1997. urteko Astelenita eguna izango zen. Arco-Iris txarangaren 50. urteurrenean jardun zuen azkenekoz zuzendari gisa, eta egun berean egin nuen debuta txaranga batekin, bost urte baino ez nituela. Olentzerok oparitutako bonbo txikia hartu eta poz-pozik ibili nintzen hara eta hona aitonaren txarangarekin.
Berezia izan zen biontzat. Nire hastapenen lekuko izan zen bera; ni, berriz, bere agurraren lekuko. Ez hori bakarrik, bere bi pasioen lekukoa ere jaso nuen egun hartan, geroztik urtero-urtero parte hartu izan baitut inauterietan txarangaren batean.
Berezia izaten zen, halaber, adinean gora egin ahala, haurra bailitzan disfrutatzen ikustea. Amona Marik maitasun guztiz jositako blusa koloreduna jantzi, batuta hartu eta, bere kabuz zutik mantentzea kostatzen bazitzaion ere, Galtzaundiren doinuak zuzenduz beste urtebeterako bizia irabazten zuen. Eta horren lekuko ere izan dira laugarren belaunaldiko txikitxoak. Haiei ere pasa zien bere lekukoa.
Berezia izan zen baita agur esan zigun modua ere: inauteri doinu artean, kantari, eta Galtzaundi zuzenduz, «segi hortan» esaten zigun bitartean. Horrela behar zuen. Berezia izan zen, bai, Attona Migel Mari. Inauterien alaitasuna eta bizitasuna azkenera arte eman izan baitizkigu bere alboan izan garen guztioi. Pakito Gereñu lagunak bere abestiari jarritako euskarazko letrek dioten moduan, Eskerrik asko, aitona maitea, esku ta bihotza, dena guretzako emateagatik. Eskerrik asko eta besarkada bat zuri ere, Pakito.
Eta berezia izango da aurtengo inauteria ere. Astelenita batik bat. Begiratuko dut Berdura Plazako betiko arkupera. Itxarongo dut osabaren keinua. Bilatuko dut jendartean. Sentituko dut Galtzaundi jotzean. Nabarituko dut hutsune bat.
Baina, bereziki, segituko dut, segituko dugu, bere lekukoa eramaten eta etorriko direnei, gurekin egin zuen moduan, inauterizaletasuna barneratzen.
Muxu handi bat guztion partez attona, eta gora inauteriak!