#BadatozInauteriak 2017

Beste behin ere, jendeak ez du huts egin

Erabiltzailearen aurpegia Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko otsailaren 19a

Gaur eguerdian, Tolosako berdura plazan ospatu den urteroko inauteri kontzertuan jende ugari bildu da berriz ere. Bertan, Udal Txistulari Bandak eta Tolosako Musika Bandak inauterietako hainbat kantu jo dituzte.

Beste urte batez, Tolosako Berdura plaza txiki geratu da, aurtengo inauteri kontzertua ikustera, ikusle ugari hurbildu baitira. Kontzertu amaierarako, jendez gainezka zegoen plaza, eta Tolosako Musika Bandak jotako Sasikoipatsu kantuarekin eman diote bukaera emanaldiari. Aurretik, inauterietako melodia ezagun ugari entzun ahal izan dira, eta horietako batzuk kantatzera ausartu dira hainbat ikusle.

Tolosako Musika Bandaren aurretik ordea, Udal Txistulari Bandaren txanda izan da. Hauek ere, inauterietako hainbat kantu jo dituzte, batzuetan tronpetaren melodiak lagun izan dituztelarik. Baina, unerik hunkigarriena, kontzertuaren hasieran heldu da. Iñaki Letamendia zuzendariak adierazi bezala, Pako Gereñu omendu nahi izan dute, eta Segurako alborada kantua jo dute lehenik. Gereñuk letra erakutsi zien txistulari bandakoei. Iñaki Garmendiak eta Jexux Mari Jauregik ahotsa jarri diote abestiari, eta izan da publikoaren artean honako hau ere abestera ausartu denik.

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!