"Urtebete igaro da etxebizitza honen parean gertatu zen sarraskitik", azpimarratu dute. Tolosako Gazte Asanbladako kideek gogora ekarri dutenez, "egun hartan Ertzaintzak 50 gazte kolpatu zituen bortizkeria erabiliz eta 24.000 eurorainoko isunak ezarri dizkie". Azpimarratu dute orduko zauriek "sendatu gabe" jarraitzen dutela, eta oraindik ere "min" egiten dutela.
"Lanean jarraituko dugu"
Gazte Asanbladako kideek adierazi dutenez, hainbat proiektu dituzte eskuartean: gazte eguna, bertso eguna, bertso eskola, herri diskoetxe baten ideia edota kaleak artez betetzeko kanpaina, besteak beste: "Proiektu bakoitzari dagozkion lan taldeak martxan daude eta bakoitza bere eginkizunetan ari da buru belarri".
Zentzu horretan, lanean jarraituko dutela nabarmendu dute: "Ez dugu jasandako bortizkeria ahaztuko, baina, hala ere, gure beharren eta nahien alde borrokan jarraituko dugu".
Asanbladako kide bat identifikatu dute
Prentsaurrekoa hasi baino minutu batzuk lehenagotik, ertzainak zeuden Limousin etxearen ondoan: ertzainen bi kotxe eta furgoneta bat gerturatu dira. Tolosako Gazte Asanbladako kideek salatu dute grabatu egin dituztela, eta prentsaurrekoaren amaieran asanbladako kide bat identifikatu dute.
Limousin etxearen okupazioa eta eraikinaren hustearen irudiak hemen: