Manu Azkarate

Azkarateren askatasuna eskatu dute hainbat pertsona ezagunek

Ataria 2017ko ots. 18a, 15:03

Manu Azkarateren askatasuna exijitzeko manifestua babestu dute eskualdeko hainbat norbanakok. Hainbat herritarren babesarekin aurkeztu dute goizean Tolosako kultur etxean. 

Manu Azkarate larriki gaixo dagoen preso tolosarraren askatasuna eskatzeko manifestua aurkeztu dute gaur goizean Tolosako Kultur Etxean. Eskualdeko hainbat norbanakok babestu dute manifestua: Javi Hernando famili medikua, Iñaki Arratibel kirol-medikua, Alhoa Karrera famili-medikua, Alberto Izagirre kardiologoa, Iñaki Artola pilotaria, Martxelo Otamendi kazetaria, Aiora Zulaika "Pirritx" pailazoa, Kike Amonarriz aurkezlea eta Axun Lasa Joxean Lasaren arreba, besteak beste.

Idoia Bengoetxea Tolosako Sareko kideak azaldu duenez, gibelaren inguruan dagoen Porta zainean duen kabernoma da Manu Azkarate presoak duen gaixotasuna: "Odolak zailtasunak izaten ditu bihotzera bidean, kabernomak oztopo garrantzitsua baitira zeregin horretan". Adierazi dute arazo horiek "areagotu" egiten direla sabeletik behera dauden zainetan: "Odolak presio izugarria du eta hipertentsioa sortzen da".

"Oztopo" horien ondorioak azaldu ditu Bengoetxeak: "Odolak beste zain batzuk zeharkatzen ditu oztopo horiek saihestu eta bihotzera iristeko. Barizeak sortzen dira horren eraginez, eta hemorragiak izateko arriskua dago. Arazorik larriena biriketan enbolia izateko arriskua da; bat-bateko heriotza eragin dezake horrek".

"Osasunerako eskubidea pertsona guztien eskubidea da"

Tolosako Sareko kideak azpimarratu duenez, osasunerako eskubidea eta osasun asistentzia duina izateko eskubidea pertsona guztien "oinarrizko" eskubidea da. Gaixo dauden presoen egoera azpimarratu du agerraldian eta beren askatasuna eskatu: "Larriki gaixorik dauden presoen kasuan, Manuren kasua tartean, beren bizia arriskuan dago, oso larri daude eta premiazkoa da beren askatasuna".

Nabarmendu du giza eskubideen adierazpen unibertsalean jasotako bizitza eskubidea urratzen duela Espainiako eta Frantziako kartzela-politikak: "Giza eskubideak ideologia ororen gainetik daude, pertsona orori dagozkigu, baita kartzelan daudenei ere", amaitu dute manifestua. 

"Hiltzeko zorian egon da"

Manu Azkarate presoaren medikuak hitz egin du ondoren, eta bere egoera larria azpimarratu du: "Azkarateren gaixotasuna oso larria eta kronikoa da, eta ezin da sendatu. Gaitz horren ondorioz, odol jario handiak izan ditu, eta hiltzeko zorian egon da". Bi aste daramatza ingresatuta, eta medikuak azpimarratu du infekzio handia duela bi hanketan. "Bere baldintzak ez dira kartzelan egoteko modukoak; gaixotasun larri horren ondorioz kaleratu zuten eta bere gaitzarekin kalean egon beharko luke", amaitu dute.

Manu Azkarateren aldeko topa, inauterietan

Ostegun Gizenean, Manu Azkarateren aldeko topa egingo dute 12:00etan, txosnagunean. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!