Beitialarrangoitia eta Fernandez, galdeketari begira

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko otsailaren 16a

Martxoaren 19ko galdeketan baiezko botoa eskatuko du koalizioak.

Tolosaldeko Giltzarria egitasmoak datorren martxoaren 19rako deitutako galdeketara dei egiteaz gain, eskualdeko Euskal Herria Bilduk baiezko botoaren aldeko kanpaina egingo du. Hala iragarri zuten, duela bi aste egindako batzar irekian, eta hala berretsi dute orain.

«Erabakitzeko eskubidea bizitzaren ardatzean» jarri nahian, erabakian «parte hartzeko» garaia dela nabarmendu du Amaia Azkue EH Bilduko kideak. Horrela, martxoaren 19an 28 herrietako bizilagunek erantzun beharko duten galdera ere hizpide izan du: «'Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko kide izan?' EH Bilduk argi du: bai. Garaia da Euskal Herriaren etorkizuna marrazten hasteko, eta ba al da baiezkoa esatea baino gauza ederragorik?».

Horrela beraz, galdeketa girotzeko helburuz, Euskal Herriko prozesu subiranista alderatuko dute Herrialde Katalanetakoekin, «kataluniarrak erreferente direlako» EH Bildurentzat.

Solasaldi bat prestatu dute bi errealitateez aritzeko, datorren martxoaren 9an: EH Bilduko Marian Beitialarrangoitia eta CUPeko David Fernandez Topic zentroko aretoan ariko dira, 19:00etatik aurrera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!