#BadatozInauteriak 2017

Aurten ere, biribilak izango dira

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ots. 16a, 14:40

Tolosako inauteriak aurkeztu dituzte, txupinazoa lehertu baino astebete lehenago; gogoa guztiari gailentzen zaio, jada, herrian.

Zezen plaza bezelakoak: biribilak. Halakoxeak dira inauterizalearen inauteriak, bere oroitzapenetan, eta halaxe izango dira aurtengoak ere. Geometriaren hariari jarraituz, aurkezpen-plaza ere biribila izan da: zezen plaza aukeratu du, udalak, 2017ko inauteriak iragartzeko.

Olatz Peon alkatearekin batera, Maite Crespillo karroza eta konpartsen ordezkaria, Miguel Cruz Kabi Alai elkarteko ordezkaria, Iban Asenjo aisialdi taldeetako ordezkaria eta Patxi Lizarralde Juanito Loperen lagunen ordezkaria izan dira sei eguneko egitaraua mamitzen, eta guztiek azpimarratu dute festa egin aurreko lana.

Eta, lan horren erakusle, aurtengo inauteriak bi urteurrenen gerizpe ere izango dira. Batetik, Kabi Alai elkartearen txaranga protagonista izango da, 75 urte bete baititu; disko berria grabatu dute, besteak beste, efemeridea ospatzeko. Halaber, Juanito Lope artistaren jaiotzaren mendeurrena da, eta gaur bertan izango da, Topic zentroko aretoan, ospakizun zerrendaren aurkezpena.

Ortzadar hiritarra

Inauteriek zirrikitu guztietatik sartzen zaie kolorea, baina ortzadarra hiritarra osatzearen errudunetako batzuk dira, zalantzarik gabe, karrozak, konpartsak eta aisialdi taldeak. 120 karroza eta ia 1.500 neska-mutil irtengo dira kalera, Zaldunita, Astelenita eta Asteartita egunez, sormena dantzan jarriz.

Karrozen eta konpartsen kasuan, iazko berrikuntzari eutsiko dio udalak, eta talde bakoitzak leku konkretu bat izango du ibilbidean. Halaber, 01:00erako isildu beharko dute musika, "inauteriak bizitzeko moduen arteko oreka bermatzeko".

Aisialdi taldeetan, berriz, sei talde ariko dira, beste behin, hilabetetan barrena prestatutako lana erakutsiz.

Festaren itzalak argituz

Inauteriek ere badute argi-itzalik, eta Tolosako Udalak bi ildo nagusi landu ditu, beste urtebetez, festak sortzen dituzten arazo nabarmenenei heltzeko.

Batetik, nerabeen alkohol kontsumo neurrigabea saihetseko edo gutxitzeko lanean jardun dute urte osoan barrena. Horretarako, mahai bat osatu zuten, ikastetxeetako arduradunekin, gazteria teknikariekin, udal ordezkariekin nahiz osasun langileekin. Horrela, Gipuzkoako DBHko ikasleen guraso guztiei gutuna bidali die udalak, prebentziorako gakoak eskainiz. Bide beretik, Astelenitan kaleko esku-hartzea ere egingo dute,.

Bigarrenik, Tolosan, EZETZ! kanpainari jarraipena emango dio Berdintasun sailak, eraso nahiz jarrera sexisten aurka. Leloa idatzita duten pultserak banatuko dituzte, eta baita Joka Sano pegatinak ere. Era berean, protokolo berezi bat jarri dute martxan, erasoen aurrean ahalik eta azkarren erantzuteko.

Merkatari eta ostalariei begira, hondakinen bilketa berezia izango da inauterietan, eta datorren astean informazio zehatzagoa eskainiko du udalak. Garraio publikoari dagokionez, berriz, tren nahiz autobus bereziak izango dira, urteroko bezala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!