Baliabide eta errekurtso eskasekin mozorro ederrak sortzeko trebezia saritu nahi izan dute, aurten, Inauterizale Kuttuna errekonozimendua Mari Cruz Iribarreni (Tolosa, 1917) eskainiz. Ostegun Gizeneko txupinazoak seigarrenez hartuko du omenaldi forma, Kabi Alai elkartearen ekimenez eta, lehen aldiz, emakume batek piztuko du Tolosako asterik desiratuena iragartzeko suziria.
Gaztetan eskolako esku-lanekin trebatu, eta Rondilla kalean ikasi zuen josten Iribarrenek. Orduz geroztik, oihal, hari, orratz eta lentejuela artean gozatu izan ditu bere inauteri guztiak; lanean, aurretik, eta lanaren fruitua kalean ikusiz, ondoren.
Eta, ez da gutxiagorako, argazki zaharrak baitira Mari Cruz Iribarrenen artearen lekuko. Seme-alaben mozorroekin hasi, bilobekin jarraitu, eta balkoia apaintzeko jartzen dituen panpinekin gozatzen du azken urteotan; aurtengo mozorroa ere ia prest du.
«Poz handiz» hartu du errekonozimendua eta, noski, hunkituta ere bai. Txupinazoaren suzia pizteaz galdetuta, berriz, txantxa artean dio, ez dakiela suziria zuzen aterako ote den edo ez.
Izan ere, ia 100 urterekin, umorea da Iribarrenen altxorrik preziatuena. Eta, zalantzarik ez da, horrek egiten duela hain inauterizale; festaren irudi bizi da.
Akaso horregatik, bere bizitza plazetan ere konta liteke, Justizia plazan jaio, Plaza Zaharrean hazi eta Plaza Berrian bizi baita orain. Bide horretan eta, Inauterizale Kuttun guztiak bezalaxe, Plaza Zaharrera itzuli beharko du Ostegun Gizenean, eta zain izango du herria.
Soinean inauteri gehien dituena
2011. urtean hasi zen, Kabi Alai elkartea, Inauterizale Kuttunaren saria antolatzen. Ordutik hona, San Bernardo Scout taldea (2011), Eduardo Chocano (2012), Poca Tripa txarangako sortzaileak (2013), Josetxo Guiu eta Kanu Ortega (2014), Joakin Izagirre (2015) eta Gure Kaiolako kuadrila (2016) izan dira sarituak. Palmares inauterizalean, beraz, estreinakoz idatziko dute, aurten, emakume baten izena.
Iribarren, gainera, soinean inauteri gehien bizi izandako Inauterizale Kuttuna izango da, orain arte saritutakoen artean: aurtengoak 99.ak izango ditu.