Manu Azkaratek espetxe bat baino gehiago ezagutzen du. Baita ospitale bat baino gehiago ere. 14 urterekin gibelaren inguruan dagoen porta zainean kabernoma diagnostikatu zioten. Gerora hainbat aldiz atxilotu dute eta beste hainbatetan utzi dute aske gaitz hori dela eta. Baina ez diote sufrikarioa arindu nahi, ez berari ez eta bere senitarteko eta lagunei ere, nahiz eta legeak dioen larriki gaixo dauden presoak kalean behar dutela.
Tolosarra orain, preso dute, Madrilgo Soto del Real espetxean dute gatibu, eta hilaren 6tik Gregorio Marañon ospitalean dute. Senitartekoen azken bisita baliatu du abokatuarekin ez diotela hitz egiten uzten salatzeko. ATARIA bere seme Eguzki Azkaraterekin eta Guillermo Martorell koinatuarekin bildu da bere egoeraren inguruan hitz egiteko.
Pasa den abenduan atxilotu zuten eta Soto del Real espetxera eraman zuten. Orain ospitalean dago. Nola dago?
Guillermo Martorell: Hilaren 6an eraman zuten Madrilgo Gregorio Marañon ospitalera. Espainiako Espetxe Erakundeak ez zigun ezer jakinarazi eta preso sozial baten bitartez jakin genuen. Ultzeratuta zeukan hankan duen isipula batengatik eraman zuten ospitalera, infekzio bat da hori. Atxiloketa unean zapaldu zioten ultzeratutako hanka berean izan du infekzioa. Ez Espetxe Erakundeak ez eta ospitaleak berak, ez du informaziorik eman, Datuen Babeserako Legea urratzen dela argudiatuta. Paradoxa bat da; Espainiako Barne Ministerioak atxiloketaren inguruko informazio faltsua zabaldu du aipatzen duen lege hori urratuz, baina horretan babesten da bere osasun egoeraren inguruko daturik ez emateko. Daukagun informazioa ospitaleko langileen eskutik jaso dugu. Pasa den asteburuan berarekin egoteko aukera izan nuen, eta hanka hobeto dauka, baina oraindik ezin du lurrean jarri. Printzipioz, ospitalean dago oraindik, ez digute kontrakorik esan.
Azkaratek kartzelaldi bat baino gehiago bizitu izan ditu 1985etik hona. Atxilotze asko larriki gaixo dagoen norbaitentzat, are gehiago epaileek beraiek behin baino gehiagotan utzi dutenean aske, gaixotasun hori aintzat hartuta. Zein da bere osasun egoera?
G. M.: Manuri 14 urte zituela gibelaren inguruan dagoen porta zainean duen kabernoma diagnostikatu zioten. Gaixotasun larria eta arraroa da, eta sendaezina, nabarmentzekoa da. Arazo honek barne hemorragiak sortzen dizkio eta esofago-barizeengatik arazo baskularrak izaten ditu askotan. Honek guztiak batez ere, hanketan eragiten dio. Hankak handituta izaten ditu beti, ultzeratuta izaten ditu, eta pantiak eramaten ditu. Egoera larriagotu egin da noski, espetxealdiengatik. Kartzelaldietako estresak isipulak, hemorragiak eta abar areagotu egiten dizkiote.
Muturreko egoerak ere bizitu izan ditu bere osasun arazoak direla eta.
G. M.: Espetxeko sartu-irtenaldi hauetan zehar hainbat aldiz ospitaleratu behar izaten dute. Sevilla IIn egon zenean ospitalera eraman zuten senitartekoei ezer esan gabe, ospitaleko korredorean egon zen, luze, eskuburdinak jarrita eta poliziek barre egin eta iraintzen duten bitartean. Bertako osasun-langileek ez zioten kasorik egin mediku batek artatu zuen arte. Mediku honek erabaki zuen Manu zainketa intentsiboetako unitatera eramatea. Hori egin ez balu, Manu ez litzateke hemen egongo.
Horrelako kasuak asko egon dira, tristea da. Antoni Asuncion Barne ministro eta Espetxe Erakundeetako arduradun izandakoak berak onartu zuen Eusko Jaurlaritzari bidalitako txosten batean, Manu larriki gaixo zegoela. Osasun arreta «bikaina» zela esaten zuen, Sevillari erreferentzia eginda... lotsagarria.
Osasun arazo larrien ondorioz, baldintzapeko askatasuna ere eman zioten, ezta?
G. M.: Eta hainbat betebehar jarri zizkioten. Betebehar horiek 2004. urtera arte bete zituen, baina urte hartako udaberrian inflexio puntu bat eman zen. Jazarpen itzela sufritu zuen udaberri horretan. Egunero kontrolak egiten zizkioten etxerako bidean. Kontrol horietako batean Manuri gauza asko etorri zitzaizkion burura. Ordu erdiz bururantz kanoia zuzentzen ziotela eduki zuten paretaren kontra, isilik, eta buruari eragiten hasi zen. Guardia Zibila izan zen eta irainak era jasan behar izan zituen. Burura etorri zitzaizkion pasatako torturak, espetxeetako sartu-irtenaldiak, bere osasunean egoera horiek guztiek izandako eragina, jasandako jazarpenak, Eguzki semeak pasatakoa kontrol horietako batean... Hau ez da ezer berria, psikologian ezaguna den efektu edo ondorio bat da, Manuk biktima izatera eramandako gertakari guztien itzulera bat bizitu zuen nolabait. Joan bazen egoera horrek bultzatuta izan zen, bazekielako ez zegoela ez berme juridikorik ezta osasun mailako bermerik ere, berriz atxilotuz gero bizi normala egiteko.
Jazarpena ere pairatu izan duela kanpoan egon denean.
Eguzki Azkarate: Nik zortzi urte nituela egunero geratzen zuten, katxeatu... Kontrol horietako batean ni ere kotxetik atera ninduten, katxeatu, gauzak kendu... zortzi urte besterik ez nituen eta oso ondo gogoratzen dut egun hura. Ordubete edo eduki ninduten han. Oso gogorra izan zen, beti gogoratuko dut.
Bortizkeria askotan jasan behar izan du. Baita azken atxiloketa honetan ere.
E. A.: Berak esan digunez Frantziako poliziek indarkeria erabili zuten. Autobusera zihoala lau poliziek gelditu zuten, lurrera bota, hanka eta burua zapaldu... Nik uste hanka izango zela okerrena, hanka duen bezala zapaltzea... ez dut imajinatu ere egin nahi. Horregatik dago orain ospitalean, eraso hori dela eta sortutako infekziorengatik.
Berarekin egoteko aukera izan al duzu?
E. A.: Behin egon naiz, egoera zaila da, kristalaren bestaldean ikustea... 16 urte dauzkadanez beti beste norbaitekin joan behar naiz, senitartekoa izan behar duena, gogorra da. Kontakturik ez edukitzea, grabatzen ari zaizkigula jakitea...
Zein da bere egoera juridikoa?
G. M.: Egoera korapilatsua da. Hego Euskal Herritik joatea erabakitzean bizi 'normala' egiten zuen, egunero joaten zen ertzain-etxera sinatzera, baina gainontzean nahiko bizimodu arrunta zuen, ezarritako zigorra betetzen ari zen, bigarren gradu berezi bat zuen. Manuk beste aldera joateko saltoa ematea erabakitzen duenean ez du inongo deliturik bete, delitu 'berri' bakarra ustezko zigor-hauste bat da. Ez dute bizimodu 'ilegal' bat egin duenaren inongo datu objektiborik. Ziburura joan zenean lanean hasi zen eta bizimodu publikoa egiten zuen. Donibanen antzeman zutenean astean bitan sinatzera joateko baldintzarekin askatu zuten, eta horrela egiten zuen. Zigorra betetzen jarraitzen zuen. Jarraipen berezia behar duen lehen graduko preso bezala dago Soto del Realen eta dugun azken berrien arabera, 2021ean beteko luke zigorra. Ahoz jaso dugu informazio hori, ez idatziz Entzutegi Nazionalaren eskutik. Bihar bideo-konferentzia bat du Donostiako Epaitegian ertzain-etxean sinatzeari zergatik utzi zion azaltzeko. Bi aukera daude, kausa artxibatzea edo zigor-hauste horrengatik prozedura irekitzea.