Komertzio txikien altxor handiak, plazara

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko otsailaren 14a

Singular Dendak egitasmoa aurkeztu berri diete merkatariei; Tolosa&Corekin batera, proiektua finantzatu du Tolosako Udalak

Duela bi urte abiarazitako proiektua da Singular Dendak: komertzio txikien bereizgarritasuna azpimarratu, eta negozio-ikuspegia eraberritzeko ekin zioten lanari, Gipuzkoako Merkatarien Federazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Proba pilotua eta lehen saiakera ofiziala amaituta, Tolosara egokitutako Singular Dendak abian da jada, Tolosako Udalak eta Tolosa&Co merkatari elkarteak finantzatuko baitute egitasmoa.

Joan den ostegunean aurkeztu zieten merkatariei, proiektuaren abiapuntua argituz: barne-hausnarketa bat egitean datza, norbere komertzioan erreparatu gabeko kontuak zaindu, eta negozioa hobetzeko.

Bide horretan, denda bakoitzean bereizgarri dena indartzeko jarraibideak eskainiko dizkie proiektuak merkatariei, «detaileen kultura erdigunean jarriz».

Zerbitzuen sektoreko aditu-talde batek banan-banan aztertzen du komertzio bakoitza, merkatariak hala jakin gabe; bezeroen begietatik, alegia. Horrela, beren esparruak hobetzeko dituzten bideei heltzen diete.

Gipuzkoan, guztira, 32 komertziok parte hartu dute jada, Singular Dendak egitasmoan, eta horietako zazpi tolosarrak dira.

Orain arte kaleko arroparen, kirol arroparen eta oinetakoen esparruan lantzen aritu diren arren, Tolosan aurkeztu berri dutenak produktu mota guztiei heldu nahi die, eta azken bi urteotan sortutako eredua izango dute, oinarri-oinarrian, merkataritza txikia hobetzen eta hauspotzen jarraitu ahal izateko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!